53 Aldiz ikusita, 3 gaur
- Programak prestakuntza praktikoa, networking-topaketak eta banakako aholkularitza eskainiko ditu 2027ko urtarriletik aurrera.
- Hasiera-ekitaldia abenduaren 17an izango da, goizez, Kurtzion.
Sopelako Udaleko Toki Garapeneko Arloak UHIN | Sopela Networking jarriko du martxan, udalerriko ekintzaileei eta enpresei zuzendutako zerbitzu berria. Ekimenaren helburua negozioen garapenean laguntzea, esperientzien trukea erraztea eta tokiko enpresen arteko lankidetza-aukerak sustatzea izango da.
Zerbitzu berri hau Sopelako 35 enpresa eta ekintzailerekin 2024ko azaroa eta 2025eko martxoa bitartean egindako entzuketa-prozesuaren emaitza da; prozesu horrek galdetegiak, banakako elkarrizketak eta negozioetara egindako aurrez aurreko bisitak barne hartu zituen. Gainera, bi saio partaidetza ere egin ziren plan estrategikoaren ekintzak diseinatzeko. Prozesu honen helburua zen ziurtatzea udalerrian garatu beharreko etorkizuneko ekintzak enpresek eurek identifikatutako benetako beharresei erantzuten zieten eta aurrera begira lanean jarraitzeko oinarri sendo bat izatea.
Horrez gain, Sopelako Hiri Ekonomia Bultzatzeko 2026-2030 Planaren ondoriozko ekintzei erantzuteko helburua ere badu.
Jarduerak 2027ko urtarrilean hasiko dira, eta programak hiru lan-ildo osagarri izango ditu: prestakuntza praktikoa, networking-topaketak eta banakako aholkularitza. Espazio horien bidez, parte hartzen duten pertsonek beren proiektuen beharrei erantzuteko aukera izango dute, kudeaketa-tresnak eskuratu eta inguruko beste ekimen batzuekin harremanak sortu.
UHIN Prestakuntza ildoak negozioen eguneroko kudeaketari lotutako prestakuntza-saio laburrak eskainiko ditu. Besteak beste, finantzak, prezioen finkapena, marketina eta salmentak, marka-komunikazioa eta adimen artifizialaren erabilera landuko dira. Saioek ikuspegi praktikoa izango dute, ikasitakoa norberaren jardueran aplikatu ahal izateko.
UHIN Topaketak networking-topaketetan, beste proiektu batzuk ezagutu, erronkak eta esperientziak partekatu eta lankidetza-aukerak aztertu ahal izango dira. Parte hartzen duten pertsonen beharrek eta interesek topaketen edukiak zehazten lagunduko dute.
UHIN Aholkularitza ildoak, berriz, banakako arreta eskainiko du, bai negozio-ideia bat garatzen ari diren pertsonentzat, bai beren jarduera sendotu edo birbideratu nahi duten enpresentzat. Ideiak kontrastatzeko, lehentasunak antolatzeko eta proiektu bakoitzaren alderdi zehatzak lantzeko espazioa izango da.
Hasiera-ekitaldia, abenduaren 17an Kurtzion
UHINen hasiera-ekitaldia 2026ko abenduaren 17an izango da, goizez, Kurtzion. Zerbitzua eta haren jarduera-ildoak aurkezteaz gain, Sopelako ekintzaileak eta enpresak elkartzeko aukera eskainiko du.
Jardunaldia pintxo networking batekin amaituko da, giro informalean hitz egin eta harremanak sortzeko. Egitarau osoa eta jardueren xehetasunak aurrerago jakinaraziko dira.
Tokiko Garapen Saileko zinegotzi Eder Garcíaren hitzetan: “Zerbitzu hau 2025eko udaberrian amaitutako entzuketa-aldi batetik sortu da, Sopelako enpresa-sarearekin batera; sare hori, gehienbat, ekintzaileek, mikroenpresek eta enpresa txikiek osatzen dute. Sektore ekonomiko ezberdinetako Sopelako komunitatea animatzen dut abenduaren 17ko aurkezpenera Kurtziora joatera eta datorren urtetik aurrera topaketa berrietan parte hartzera. Espero dugu zerbitzu berritzaile eta dibertsifikatu honek Sopelako tokiko ekonomia bultzatzea ahalbidetzea eta udalerriko tokiko garapenean urratsak ematen jarraitzen laguntzea”.
