420 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak, udalerriko hiri-ekonomiaren etorkizuna markatuko duen plan estrategiko berri bat osatzeko egutegia eta urratsak aurkeztu ditu, 2030era arte
Sopelako Udalak funtsezko urratsa eman du udalerriaren hurbileko ehun ekonomikoa eraldatzeko, Hiri Ekonomiaren Plana abiarazita. Plan hori 2025eko lehen seihilekoan garatuko da, Ikertalde aholkularitza-enpresarekin lankidetzan.
Udalak, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartuz eta hauen lehiakortasuna hobetuz, tokiko garapen ekonomikoa dinamizatzeko gai izango den hurbileko hiri-ekonomia eredu iraunkorra bultzatzeko konpromisoa du. Plana udaleko lan-dinamika sakon baten baitan kokatzen da, tokiko estrategia osoa eguneratzea bilatzen duena, hainbat arlotan eraginez. Hala nola, mugikortasunean, kulturan eta kirolean, turismoan edo hiri-ekonomian, besteak beste.
Lan-prozesua Toki Garapeneko zinegotzia den Eder Garcia Lopezek gidatutako lehen bilerekin hasi da, Ikertalde plan estrategikoa egiteko kontratatutako enpresarekin lankidetzan. Lan-plana 2025eko udarako amaitzea aurreikusten da. Planak udalerriari ibilbide-orri bat eskaintzeko helburua dauka, merkataritza-sektoreari eta kontsumitzaileei eragiten dieten erronka nagusiei eraginkortasunez aurre egiteko gai izango den hiri-ekonomia eredu bat lortzeko.
Plana partaidetza-prozesu baten bidez garatuko da, eta prozesu horrek hiri-ekonomia osatzen duten sektoreen ikuspegia jasoko du, bai eta Sopelako biztanleriarena ere, tokiko dinamika sozioekonomikoaren protagonista nagusiak diren heinean. Horretarako, Ikertaldek inkesta prozesu bana egingo die sektoreari eta herritarrei. Gainera, hainbat lan-saio egingo dira, eta Sopelako herritarren iritzia jasotzeko interakzio-bideak erraztuko dira. Adibide gisa, herritar guztiak gonbidatu nahiko genituzke galdetegi labur honi (2 minutukoa) erantzutera, merkataritzari eta kontsumoari buruz dituzten premiak ezagutzeko:
Hartara, Garciak sektore osoa eta biztanleria guztia gonbidatu du Merkataritza Biziberritzeko Plan honen egikaritze-prozesuan parte hartzera, zeina Sopelako Udalak herri oparoago eta iraunkorrago bat lortzeko konbentzimendutik sortzen den.
