327 Aldiz ikusita, 3 gaur
Liburutegien Egunaren ospakizunen baitan, aurrestreinaldi berezi bat izango da Sopelan: Haizea Lopez idazle sopeloztarrak El sacrificio de Basandere eleberri berria estreinatuko du. Liburu hori, Los crímenes de Getxo thriller saga arrakastatsuaren jarraipena da. Azaroaren 2an izango da aurkezpena, 12:00etan, Kurtzio Kultur Etxean.
Gonzalo Perez Zunzunegi kazetariak gidatuko du ekitaldia, eta, aurkezpenetik harago, kultur-eskaintza zabalagoa egongo da: Folk Rippers taldeak zuzenean interpretatuko du sagaren soinu-banda ofiziala, Getxoko kultur sorkuntzaren dirulaguntza eskuratu ostean. Gainera, egileen, irakurleen eta irakurketa gune publikoen arteko batasunaren keinu sinboliko gisa, Sopelako liburuzain batek eleberriaren pasarte bat irakurriko du ahots goran, literatura-lanaren eta irakurle-komunitatearen arteko lotura indartuz.
Ekitaldian, Txakolin Literarioa ere izango da. Hala, amaieran, hitza, lurraldea eta musika uztartuko dira, BLAI txakolinarekin, liburua aurkezteko erritu sinboliko gisa.
El sacrificio de Basandere liburuak euskal mitologiara eta thriller garaikidera eramango du irakurlea, itsaslabar, laino eta herriko sekretuen artean kokatuz. Getxoko eta Sopelako eszenatokietako paraje mitikoak krimenarekin, oinordetzan hartutako isiltasunekin eta figura legendarioekin nahastuko dira trama berean.
Liburutegiaren balantze positiboa
Liburutegien Eguna udal liburutegiaren balantzea egiteko ere baliatu da. Denera, 25.388 mailegu izan dira 2024. urtean, eta 35.696 bisitari pasatu dira liburutegitik. Gaur egun, 5.078 bazkide ditu udal liburutegiak; horietatik 298k iaz eman zuten alta.
Liburutegitik adierazi dutenez, “Sopelan asko irakurtzen da. Datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko lehen 30 udalerrien artean gaude liburu maileguetan. Aurrera begira, udal liburutegiak erreferente izaten jarraitu dezala espero dugu”.

