142 Aldiz ikusita, 1 gaur
- Etxebizitza mota horien eraginaren azterketa, funtsean, zonifikazioan eta haren ondorioak neurtzeko adierazle batzuen aplikazioan oinarritzen da
- Azken bederatzi urteetan, Sopelak hazkunde azkarra eta handia izan du Erabilera Turistikoko Etxebizitzetan: 407 plaza gehiago daude egun
- Erabilera Turistikoko Etxebizitzak dira nagusi eta Erabilera Turistikoko Logela gutxi daude
Duela hilabete batzuk, Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak azterketa tekniko bat jarri zuen abian, udalerrian Erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Erabilera Turistikoko Logelen ezarpena eta bilakaera aztertzeko. Informazio eguneratua eta zehatza izatea zen ekimen horren helburua, mota horretako bizilekuek hiri ingurunean, etxebizitza merkatuan eta auzo bizikidetzan zer-nolako eragina duten ezagutzeko. Lan hori egiteko, Toki Garapen sailak Bizibiziki turismo iraunkorreko aholkularitza zerbitzua kontratatu zuen.
Azterketa horretan, lege testuingurua eta udal plangintzaren analisia jaso ziren, baita etxebizitza mota horien egungo egoeraren azterketa eta diagnostiko bat ere, zonifikazio parametroetan oinarrituta, Udalak egin ditzakeen erregulazio proposamenekin batera.
Emaitzen arabera, Erabilera Turistikoko Etxebizitzek eta Logelek presio ertaina eragiten dute udalerriko etxebizitza parkean, baina egoera hori aldatu egiten da eremuaren arabera. Errealitate hori, azken hiru urteetan geratu da agerian batez ere. Horri Sopelak bizi duen bigarren bizitegi fenomenoa gehitu behar zaio: etxebizitzen salerosketa prezioak oso altuak dira, eta alokairu eskaintza, berriz, mugatua eta prezio altukoa.
Zonifikazioak egin dira, bai etxebizitza dentsitatearen arabera, eta baita zona bakoitzak bizi duen errealitate turistikoaren arabera ere. Aztertutako inpaktu adierazleetatik, guztiek erakutsi dituzte maila altuko emaitzak kostaldean, eta etxebizitza mota horien presio handia antzeman da bertan.
Azterlanak egungo egoerari aurre egiteko eta etorkizuneko antolaketa ordenatua eta orekatua bermatzeko neurriak martxan jartzeko aukera planteatzen du. Neurri horiek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) barruan sartzea proposatzen da, jarduera hori arautzeko tresna nagusia baita. Zehazki, HAPOren Arau Subsidiarioetan txertatuko lirateke neurriak. Etorkizuneko plangintza eta garapen ordenatu eta orekatua bermatzea, Erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Logelen kontzentrazioa saihestea, eta bizitegi izaera eta bisitarien zein egoiliarren arteko bizikidetza zaintzea da helburua, erabilera turistiko horiek bizitegi erabilerarekin bateragarriagoak izan daitezen eta Sopelako errealitateari modu orekatuagoan erantzun diezaioten.
Sopela eremu tentsionatu izendatzeko Ekintza Planean jasotako neurrien bigarren ardatzaren parte da azterketa hori. Plana Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailera bidali da dagoeneko, eta, gaur egun, izapidetzen ari dira, izendapena formalki jasotzeko.
Azterlan honetatik abiatuta, Udalak aurkeztutako proposamenak aztertu eta baloratuko ditu, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean txertatzeko aukera izan dezaten. Era berean, datozen urratsen berri emango da laster.
Eder Garcia Sopelako Udaleko Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Erabilera Turistikoko Etxebizitzei eta Logelei buruzko azterlan honek garapen turistiko jasangarriaren eredu batekiko dugun konpromisoa berresten du, bizilagunen ongizatea bermatuko duena, etxebizitza eskubide gisa aintzat hartuko duena eta Sopelaren identitatea zainduko duena”.
