204 Aldiz ikusita, 2 gaur
- Asteburu osoan, kirola, natura eta kultura izango dira protagonista, publiko guztiei zuzendutako proposamenenei esker
Beste urte batez, Sopela surfaren, itsasoaren eta naturaren zaleen topagune bihurtuko da Sopela Kosta Fest jaialdiaren bitartez. Aurten, irailaren 18tik 20ra ospatuko da, Sopela erdigunean, hondartzetan eta itsaslabarretan, eta berrikuntzak eta egitarau zabala izango ditu.
Asteburu osoan, kirola, natura eta kultura izango dira protagonista, publiko guztiei zuzendutako proposamenenei esker. Berrikuntza nagusi gisa, aldi honetan ez da kontzerturik egongo, eta kirol jarduerak, ingurumenarekin lotutako proposamenak eta aisialdirako jarduerak izango dira nagusi.
Jaialdia barikuan, hilaren 18an, hasiko da, San Pedro elizatik abiatuko den Carrusel antzerki-ikuskizun ibiltariarekin. Asteburuan zehar, Barinatxe eta Arriatera hondartzek hainbat kirol proba hartuko dituzte, besteak beste, VI. Sopela Kosta Fest Waveski Opena, Euskal Surf Zirkuituaren III. proba eta Euskal Herriko Txapelketa, Euskal Herriko Surf Beteranoen Txapelketa eta kayaksurfeko hainbat proba. Gainera, Sopela izango da KayakSurf Munduko Koparen egoitza nagusia: 16 herrialdetako piraguistek parte hartuko dute, banakako eta taldeko modalitateetan.
Horrekin batera, kirol egitaraua beste hainbat jarduerarekin osatuko da, hala nola surf egokitua, surfa familian, slacklinea, street workouta, parkourra, kometak eta tai chia egingo dira. Jarduera horiek udalerriko hainbat gunetan egingo dira.
Ingurumenak eta zientziak protagonismo handia izango dute. Surfrider Foundation-en Retrace! programaren barruan, Zabor Bilketa Basatia egingo da, makro eta mikrohondakinak biltzeko. Horrez gain, naturan zeharreko hainbat ibilbide gidatu antolatuko dira, egunez zein gauez, baita itsaslabarretako Flyscharen ibilbide geologikoa ere.
Egitaraua adin guztietarako sormen- eta eskulan-tailerekin, haurrentzako ginkanarekin, argazki erakusketarekin eta kantu-jirarekin borobilduko da, besteak beste. Hala, asteburu osoan zehar, Sopelako hainbat gunetan jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Kontsultatu hemen egitaraua osorik.
Informazio guztia, hemen: https://sopelakostafest.eus/
