85 Aldiz ikusita, 5 gaur
- Deklarazioak alokairuaren prezioak kontrolatzeko eta etxebizitza eskuragarriago egiteko neurri espezifikoak aktibatzea ahalbidetuko du.
- Hiru urteko ekintza-planak Abaroko garapena (490 etxebizitza babestu), etxebizitza hutsak mobilizatzea, lokalak egokitzea eta alokairu-laguntzak jasotzen ditu.
Sopela etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatu da; neurri horrek alokairuaren prezioak mugatzeko eta etxebizitzarako sarbidea errazteko neurri espezifikoak aplikatzea ahalbidetuko du. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako deklarazio hori udalerrian izandako etxebizitza-prezioen igoeraren ondorioz dator: Sopelan, etxebizitzen salerosketa-prezio mezua % 28,3 igo zen 2019 eta 2024 urteen artean (250.115 eurotik 320.798 eurora).
Behin eremu tentsionatu izendatuta, hiru urteko ekintza-plana aktibatuko da: sustapen berriak, etxebizitza hutsen mobilizazioa, birgaitzea eta alokairu-laguntzak uztartzen ditu planak.
602 etxebizitza aurreikusita Abaron, horietatik 490 babestuak
Sopelako ekintza-planak etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko sustapen berriak aurreikusten ditu. Eremu nagusia Abaro da, non 602 etxebizitza proiektatzen diren; horietatik 490 babes ofizialekoak izango dira eta 112, libreak (nahiz eta garapena ebazteko dagoen kasazio-errekurtso baten mende egon).
Ripa sektorean, berriz, Udalak eremua berdefinituko du, etxebizitzen % 75ek babes publikoren bat izan dezaten. Aldaketa gauzatzeko, Hiri An tolamentuko Plan Orokorrara eguneratzeko bidean da.
Planak Asu eta Loiolako alokairuko babes-etxebizitzen bi sustapen eraikiak ere identifikatzen ditu (33 eta 24 etxebizitza, hurrenez hurren), biak ala biak esleipen-fasean. Horrez gain, udal-lursailetan zuzkidura-bizitokien eraikuntza aztertzea eta cohousing edo etxebizitza-konpartituak bezalako formulak aztertzea aurreikusten da.
Etxebizitza hutsak, jarduerarik gabeko lokalak eta pisu turistikoen erregulazioa
Okupatu gabeko etxebizitza mobilizatzea da planaren beste ardatzetako bat. Iraganean egindako diagnostikoan pertsona erregistraturik ez duten 805 etxebizitza identifikatu ziren, eta Alokabideko hitzarmenaren bidez alokairu eskuragarrian txertatzeko lan egingo da.
Neurri fiskal gisa, Udalak Bizigune programara batutako etxebizitzen IBIaren hobaria % 50etik % 99ra igotzea eta pertsona erroldaturik ez duten egoitza-higiezinen gaineko karga % 150era handitzea aurreikusten du ordenantzan. Gainera, lokal hutsak udal-etxebizitza tasatu bihurtzea errazteko araudia berrikusten ari da eta erabilera turistikoko etxebizitzak erregulatzeko ordenantza espezifikoa prestatzen ari da, 2027an aplikatzen hasteko.
Alokairu-laguntzak eta gazteen emantzipazioa
Planak erraztasunak eman nahi dizkie gazteei Gaztelagun eta Emantzipa programen bidez. Gainera, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonentzako larrialdi sozialeko laguntzak ere jasota daude.
Udal-diagnostikoak 1.693 etxebizitza eskaera aktibo jasotzen ditu. Horietatik % 58,9 alokairukoak dira, eta gehiengoa 36 urtetik beherakoenak dira.
