214 Aldiz ikusita, 3 gaur
2025ean, Sopelak 27,68ko delitu-tasa izan du 1.000 biztanleko; datu hori 2024koa baino %9,78 txikiagoa da, eta antzeko tamaina duten Bizkaiko udalerrien artean baxuenetako bat.
Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 2025ean 6.399 gertakari artatu dira: horietatik 220 herritarrei laguntzeko jarduerak izan dira, 4.938 trafiko-arloko salaketak, 294 bide publikoko akatsengatiko oharrak, eta 6 aldiz aktibatu da Udaleko Emergentzia Plana eguraldi txarragatik.
Sopelako Udalak lankidetza-protokolo bat adostu du Ertzaintzarekin. Bertan, gaueko txanda arautzen da, bi polizien arteko berehalako komunikazioa finkatzen da emergentzia-kasuetarako, eta bi administrazioen arteko elkarlana indartzen da herritarrei arreta jarraitua eta hurbilekoa bermatzeko.
15.262 biztanleko populazioarekin, 8,4 km2-ko azalerarekin eta hondartza-erabiltzaileen kopurua 2024arekin alderatuta %23 igo dela kontuan hartuta (2.598.016 bisitari), Sopelak Bizkaiko udalerri seguruenetako bat izaten jarraitzen du urtez urte. Hala erakusten du Sopelako Udaltzaingoak aurkeztutako urteko txostenak, zeina Udalbatza osatzen duten talde guztiei helarazi zaien.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datu eguneratuen arabera, Sopelako delitu-tasa 27,68koa da 1.000 biztanleko: Uribe Kosta eskualdeko baxuena eta Bizkaiko lurralde osoko baxuenetako bat gure biztanleria-mailarako. Delitu penalak %9,78 gutxitu dira 2024arekin alderatuta.
Sopelako Udaltzaingoa 19 agentek, 4 agente lehenek, administrazio-langile batek eta bi buruzagitza-karguk osatzen dute. Sail honek udal-plantillaren % 24 hartzen du, eta udaleko sail handiena da, Udaleko Obra Brigadarekin batera.
Txostenean Udaltzaingoak trafikoaren alorrean egindako jarduerak nabarmentzen dira (4.938 salaketa), eta horietatik 2.426 TAOarekin lotutako arau-hausteak izan dira. 2025ean 201 istripu zenbatu dira: horietatik 29 soilik izan dira zauritu arinak eta bat bera ere ez larria. Gainera, duela urte askotik ez da hildakorik egon.
Udaltzaingoaren laguntza-lana ere aipagarria da: 294 ohar bide publikoko akatsengatik, 36 txosten Hirigintza Sailari hobekuntza teknikoak egiteko, 6 aldiz aktibatutako Emergentzia Plana eta herritarrek planteatutako gaien inguruko 33 erantzun formal. Guztira, 6.399 gertakari artatu dira (2024an baino 494 gehiago), eta herritarrei laguntza emateko 220 jarduera zenbatu dira (adibidez, etxean erortzeagatik). Era berean, nabarmendu behar da 2025eko martxotik Udaltzaingoaren “Agenda Irekia” martxan dagoela; honen bidez, herritarrek hitzordua eska dezakete zuzenean buruzagitzarekin udal-webgunearen bitartez. 34 bilera egin dira herritarrekin. Horrez gain, 2025ean 50 aldiz bitartekaritza-lanak egin ditu Udaltzaingoak auzokideen arteko gatazken konponbidean laguntzeko. Azkenik, Udaltzaingo eredu hurbilagoa lortze bidean, egunero 6 aldiz aritzen dira udaltzainak Sopelako kaleetan oinez, Zipiriñeko eskolan trafikoa kontrolatzeko jarduketez gain.
Trafikoaren abiadura-kontrola, lehentasuna
Trafikoaren abiadura herriko arazo larrienetako bat denez —eskualdeko ibilgailu-fluxu handia jasaten baitu—, abiadura kontrolatzea lehentasuna da Sopelako Udalarentzat. Hori dela eta, 2025eko ekainaren amaieran, bizilagunen kexen ondorioz eta Garden Center eta Ander Deuna ikastolaren artean dabiltzan ibilgailuen abiadura handiak eragindako istripu-arriskuagatik, Udalak abiadura kontrolatzeko radar berri bat jarri zuen. Radarra ikastolaren parean dago eta muga 50 km/h-koa da. Iazko irailean, proba-aldian, egunean 150 arau-hauste posible erregistratu ziren. 2025eko eta 2026ko azken datuek bide horrek jasaten duen abiadura handiaz ohartarazten dute: bide horretan bakarrik 1300 arau-hauste gertatu dira, 60-70 km/h-ko batez besteko abiadura erregistratuz, eta bertan atzeman dira bide-segurtasunaren aurka abiaduragatik Sopelan izandako delitu guztiak. Zehazki, 110 km/h-tik gorako abiaduran detektatutako 6 ibilgailu (epaitegira bidalita jadanik).
Lankidetza-akordioa Ertzaintzarekin
Sopelako Udalak lankidetza-protokolo bat adostu berri du Ertzaintzarekin, bi polizien arteko komunikazioa eta koordinazioa egituratu eta hobetzeko.
Protokolo honek espresuki jasotzen du Ertzaintzak esku hartuko duela mota guztietako gertakarietan gaueko txandan, Sopelako Udaltzaingoaren ordutegia astelehenetik ostiralera 08:00etatik 22:00etara eta asteburuetan 09:10etik 20:50era baita.
Era berean, finkatu da Ertzaintzak berehalako komunikazioa egingo diola Udaltzaingoaren buruzagitzari ezarritako ordutegitik kanpo larritasun bereziko kasuetan: heriotza ez-naturalak, hiriko suteak, etxebizitzak erortzeko arriskua, uholdeak eta Udaleko Emergentzia Planarekin lotura izan dezaketen bestelako gertakariak.
Gaueko txandaz eta emergentzia-kasuetako komunikazio estuaz gain, lankidetza-protokoloak Udaltzaingoak herritarrengandik hurbil egon behar duela azpimarratzen du. Horrela, Udaltzaingoak bere eskumen esklusibokoak ez diren eremuetan jardun ahal izango du, adibidez, hiri-nukleotik kanpoko bideetan laguntza emanez (Loiola Ander Deuna kasu).
Halaber, polizien arteko lankidetza indartzen da Udaltzaingoak beste jarduera batzuetan egoteagatik gertakari batzuetara joan ezin denerako. Kasu horietan, Ertzaintzaren zuzeneko laguntza izango luke, adibidez: hiri-bideetako edozein trafiko-istriputan, eraso edo istripu baten biktimen arretan, edo modu adiskidetsuan konpon daitezkeen gatazketan esku hartzeko.
