182 Aldiz ikusita, 5 gaur
Datorren ostegunean, ekainaren 26an, hasiko dira Sopelako San Pedro jaiak, eta, Udala dagoeneko hasi da jaietarako beharrezkoak diren egokitzapenak egiten.
Zehazki, hasita daude jaietako azpiegiturak muntatzeko lanak. Besteak beste, komunen moduluak jarriko dituzte Jauregizar plazan eta Udaletxeko berdegunean. Horrez gainera, Akilino Arriola kaleko piboteak eta mugarriak kenduko dira txosnak muntatzen hasi ahal izateko.
Ekainaren 23tik aurrera, itxi egingo dute Akilino Arriola kalea txosnagunea jartzeko. Ekainaren 23tik 26ra bitarte, txosnak, eszenatokia, komun kimikoak eta bestelako azpiegiturak jartzen arituko dira Udaletxeko plazan, Jauregizar plazan, Zipiriñe eskolan, Akilino Arriolan, Sipiri kalean, metro geltokiaren inguruan eta Gernika plazan.
Jaiak irauten duten bitartean, herriko erdigunea itxita egongo da (egunez eta gauez), eta auzokoek eta baimendutako ibilgailuek baino ezingo dute pasa.
Uztailaren 3rako, txosnagunea guztiz batuta egongo da.
