231 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak Ingestabaso kalean bide-segurtasuna hobetzeko ekimen bat ezarri du: radar pedagogiko bat jartzea. Gailu honen helburua gidariak bideko abiadurei buruz kontzientziatzea da. Bere izaera iraunkorragatik nabarmentzen da, eguzki-energiaz soilik elikatzen baita. Neurri horren bidez, kale horretako bide-segurtasuna eta oinezkoen segurtasuna areagotu nahi dira, eta bizi-kalitatea hobetu, hondartzetara sartzen diren auzotarren zein sopeloztarren kasuan.
Ez da Sopelan instalatzen den lehen radar pedagogikoa. 2023an mota horretako gailu bat jarri zen Olabide kalean, Urdulizko ospitale berrirako igarobide nabarmena zelako. Ikasturte berriarekin, radar pedagogiko hau Larrabasterrako Gatzarriñe eta Urgitxieta kaleetara lekualdatu zen, trafiko eta abiadura gehiegizkoarekin arazo bera duen eremu batera.
Kabinak 4 puntutan
Radar pedagogiko horiek ez dira izan udalerrian abiadura-kontrolaren arloan egin den jarduketa bakarra. Dagokion lizitazioaren eta esleipenaren ondoren, 2023an kabinak ezarri ziren joan-etorri handiko 4 puntutan, zehazki Olabide, Sabino Arana eta Akilino Arriolan.
Trafikoa eta abiadura kontrolatzea
Udalak adierazi duenez, “neurri horiek gure udalerriko ibilgailuen zirkulazioa eta abiadurak kontrolatzeko premia larriari erantzuten diote”. Izan ere, kexak etengabeak dira Sopelako hainbat puntutan, gure udalerriaren eta Uribe Kosta osoaren hazkundearen ondorioz, gehiegizko abiadurari eta trafikoaren gorakadari buruz. “Trafikoko saihesbide egokirik ez dagoenez, Sopela igarotze udalerria da oraindik, gure errepideek eskualdeko trafikoaren zati handi bat jasaten dute, eta gure lehentasuna pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzea da”, nabarmendu dute.
2024. urtean bosgarren kabina bat erosi eta ezarriko da, Ander Deuna ikastolaren inguruan Gatzarriñe kalea estaliko duena, bide horretan behin eta berriz agertzen diren gehiegizko abiadurari buruzko kexei erantzuteko. Era berean, Akilino Arriolaren radarra zahar-etxera eta Iberre kaleko aldapara eramateko aukera aztertuko da.