386 Aldiz ikusita, 1 gaur
Udari agur esateko, Sopela Kosta Fest jaialdia antolatu du beste urte batez Sopelako Udalak. Aurten, hamabigarren aldia izango da, eta irailaren 19tik 21era bitarte egingo da. Berritasun bezala, Larrabasterrako Urgitxieta plazara lekualdatu dute estreinakoz jaialdia.
Natura, kirola eta musika uztartzen ditu jaialdiak, eta adin eta publiko mota guztietarako ekintzak biltzen ditu egitarauak. Kirolari dagokionez, surfa izango da nagusi. EHSF surf txapelketa, kayak surfa eta surf egokitua egongo dira, besteak beste. Hala ere, bestelako kirol diziplinek ere izango dute lekua. Tartean, skatea, ginkanak eta taitxia egiteko aukera egongo da. Horiez gainera, askotariko tailerrak, argazki lehiaketak eta erakusketak zein bisita gidatuak antolatu ditu Udalak, beste kontu batzuen artean. Toki Garapen Sailak bultzatuta, Surf & Skate Maket-a ere egingo dute bigarren aldiz.
Bereziki, baina, musika izango da Sopela Kosta Festeko protagonistetako bat. Aurten, Süne, Manny Calavera, Moonshine Wagon, Izaki Gardenak, Airu eta Ziztada & Rlantz taldeen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da.
Izen-emateak datozen asteetan jarriko dira martxan, eta informazio guztia sopelakostafest.eus atarian eta jaialdiaren sare sozialetan egongo da eskuragarri.

