186 Aldiz ikusita, 3 gaur
Urtarrilaren 31n egindako azken osoko bilkuran, Sopelako Udalak Loroñoko lurzatiari dagokionez arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartzea erabaki zuen, hezkuntza-erabilerarako erabiltzea ahalbidetuz. EH Bilduk, Elkarrekin Sopelak, EAJk eta PSE-EEk (16 zinegotzi guztira) baiezko botoa eman zuten, AVS/ASSren abstentzioarekin.
Irakaskuntzako Sistema Orokorrak zabaltzeko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren espedientea 2022ko urriaren 27ko osoko bilkurak erabakitako herritarren partaidetza-prozesuarekin hasi zen, eta, ondoren, ingurumen-izapideekin eta eragindako erakundeen txostenekin, 2023ko uztailaren 27ko osoko bilkurak hasierako onespena eman zion.
Jendaurreko erakustaldian alegazioak jaso ziren, eta, aintzat hartu ondoren, agiri bategin batean sartu ziren, behin-behinean onartzeko. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordera bidali zen, eta, irizpena eman ondoren, Udalak behin betiko onartu zuen.
Sopelako hezkuntza-komunitateak adostutako alternatiba
Lurzati horrek 5.400 m2 inguru hartzen ditu, eta Sopelako hezkuntza-komunitateak iradoki du haur-hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikitzeko lekurik egokiena dela. Proposamen hori 2021eko urtarrilean egindako partaidetza-prozesu baten bidez hautatu zen, eta, ondoren, udal-talde guztiek babestu zuten urte bereko otsaileko osoko bilkuran, inolako salbuespenik gabe.
2021az geroztik, alternatiba hori defendatu dute Hezkuntza Mahaiak, Zipiriñe eta Iberre hezkuntza-komunitateek eta udal-taldeek osatutako foroak, udalerriko ikastetxe publikoek pairatzen dituzten masifikazio-arazo larriei irtenbidea emateko: haur-hezkuntzako eraikin bat Loroñon, lehen hezkuntza Zipiriñen eta bigarren hezkuntza eta batxilergoa Iberren.
Guruzne Carrasson alkatearen hitzetan, “dagoeneko lortu dugu Loroñoko lursaila hezkuntzarako erabiltzea. Orain, Abaroko lursaila lagatzea geratzen zaigu, Iberrek bere batxilergoa izan dezan. Sopelako Auzo Elkarteak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak prozesua zaildu du, baina desblokeatzeko lanean ari gara”.
Bi IPI edo ezer ez
Hezkuntza Sailaren jarrerari dagokionez, Carrassonek honako hau adierazi du: “Eusko Jaurlaritzak berriro jakinarazi digu bi IPI nahi dituela (Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe integralak), bata Loroñon eta bestea Zipiriñen, eta batxilergoa egungo Iberren. Horretarako, 8.150m2 inguruko azalera eskatzen digu Loroñon; edo hori edo ezer ez. Horretan ari gara lanean, baina gogorarazi nahi diegu hori ez dela Sopelako hezkuntza-komunitateak erabaki duena. Ez da Sopelak behar duena”.
Loroñoko lurzatiaren arau subsidiarioen aldaketa behin betiko onartu dela jakinarazi zaio jada Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari; beraz, 5000m2-ko partzela hori Sailaren esku dago jada.