196 Aldiz ikusita, 2 gaur
Sopelan. 2023ko urriaren 30ean. Visesak, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eta hiri-birgaitze/-berrikuntzarako Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoak, Loiola aldean alokairuko 24 BOE eraikitzeko lanak hasi ditu. Babes ofizialeko etxebizitzen sustapen honi buruzko informazio guztia (https://apps.visesa.eus/app/promociones-detalle.asp?id=9745) webgunean kontsulta daiteke.
Sustapen honen inbertsioa 3,14 milioi eurokoa izango da eta inguruko eraikuntza- eta urbanizazio-lanak barne hartuko ditu. Proiektatutako eraikinak ingurunean integratu nahi du eta beheko solairua gehi 3 solairu izango ditu; altuera bakoitzak 7 etxebizitza, 1, 2 eta 3 gela artekoak, eta etxebizitza egokitu bat beheko solairuan. Hitzartutakoaren arabera, Udalak lurzatia eta haren eraikigarritasuna lagako ditu eta sozietate publikoak, berriz, udalaren jabetzakoa izango dena lokal bat eraikiko du bertan eguneko zentro berri bat sortzeko.
Eraikinaren atzeko aldean, berdegune bat edo aparkaleku bat jartzea komeni den zehaztuko da. Era berean, eraikinak garaje propioa izango du, etxebizitza bakoitzeko partzela banarekin.
Nabarmentzekoa da etxebizitza guztiak energetikoki jasangarriak izango direla, Visesaren sustapenetan ohikoa den bezala: fatxada aireztatua, isolamendu termikoa, plaka fotovoltaikoak, aireztapen-sistema mekanikoa, etab. Hori guztia, energia-kontsumoa murrizteko helburuarekin eta iraunkortasun-irizpideekin bat etorriz, proiektua Next Generation Funtsen bidez finantzatuko baita.
Obrak 2025eko ekainean amaitzea aurreikusten da. Etxebizitzen eskritura- eta emate-fasea 2026ko apirilean amaituko da. Udaletik argi daukate “eraikuntza amaitzeko epeak zorrotz beteko direla”.
Eskaera
Esleipen-prozesua Etxebideri egindako eskabidearen bidez egingo da. Horregatik, Udalak Etxebiden “lehenbailehen” izena ematea gomendatzen die interesa duten sopeloztarrei, sisteman alta emateko unea kontuan hartuko baita etxebizitzak esleitzerakoan (www.etxebide.euskadi.eus).
Parke publikoa indartzea
Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak azaldu duenez, Sailak Sopelan dituen proiektuek “udalerriko etxebizitzaren erronkari erantzun nahi diote, eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza duina eta irisgarria izateko eskubidea azkartzeko hartutako konpromisoaren barruan sartzen dira”.
Guruzne Carrasson Sopelako alkatearen hitzetan, jarduera honek “udalerriko etxebizitza-parke publikoa indartzea dakar, herritarrei eta haien beharrei erantzuteko”. Alkatearen esanetan, “Loiolako BOEen eraikuntzak legealdi honetan hasi nahi ditugun beste askoren abiapuntua izan behar du, hala nola Asu, Abaro eta Erripako etxebizitzena. Sopelak etxebizitza-arazo larria du. Gazteek herritik beste udalerri batzuetara joan behar dute bizitzera. Hemen geratzea nahi dugu. Eta etxebizitzarik ez duten beste pertsona batzuk Sopelan bizi ahal izatea nahi dugu”.