79 Aldiz ikusita, 2 gaur
Atzo, apirilak 24, Sopelako Udaleko Udal Gobernuak datozen lau urteetarako Legealdi Plana aurkeztu zuen, 2023-2027 aldian bere kudeaketa gidatuko duten ekintzak marraztuz.
EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak osatutako Gobernu Taldeak dokumentu batean zehaztu zituen bere jarduna bideratuko duten ildo nagusiak. 12 arlotan banatutako 63 ekintzaz osatutako plan hau sopeloztar komunitatearen garapen eta ongizatearekiko konpromiso sendoa da.
Guruzne Carrasson alkatearen hitzetan, “Sopela dinamikoagoa, inklusiboagoa, euskaldunagoa eta bizi-kalitate handiagokoa lortzea norabide egokian eta urrats jakin batzuetan gauzatu behar da. Gure legealdi planean agertzen diren ekintzak norabide horretan jartzen dute Sopela”.
“Orain arte egin duguna, egiten ari garena eta noraino iritsi nahi dugun gardentasun osoz azaldu nahi diegu herritarrei”, adierazi du Carrassonek.
Funtsezko arloak
Legegintzaldiko Planak Sopelako garapenerako eta ongizaterako funtsezkoak diren arlo ugari biltzen ditu. Planak herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, hala nola, etxebizitza-arloko ekimenak, lonjak etxebizitza bihurtzea eta etxebizitza babestua sustatzea, edota hirigintza-arloko hobekuntzak, hala nola Urgitxieta plaza eraberritzea eta erdigunea erdi oinezkotzea. Halaber, hezkuntzaren ikuspegia nabarmentzen da, Zipiriñe eta Iberreko ikastetxeetan espazio-arazoei arreta emanez, eskola-bide seguruak ezarriz eta kirola eta kultura bultzatuz.
Inklusioa, elkartasuna eta euskararen sustapena zeharkako ardatzak dira, aniztasuna ikusarazteko eta euskararen ikaskuntza sustatzeko ekintzekin. Gainera, bizi-kalitatea hobetzeko neurriak garatzen dira, hala nola garraio publikoaren sustapena eta tokiko merkataritzaren sustapena.
“Laburbilduz, planaren helburua da Sopela leku inklusiboagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa izatea bertan bizi diren pertsona guztientzat”, azpimarratu du alkateak.
Ildoak
Zehazki, hauek dira haren 12 ildo estrategikoak, eta Legealdi Plana udalaren webgunean kontsulta daitezke oso-osorik:
1. ETXEBIZITZA. Lonjak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, babes publikoko etxebizitzen sustapena Asun eta Loiolan…
2. HIRIGINTZA. Sopela pertsonentzat. Urgitxieta plaza eta ondoko kaleak eraberritzea, erdigunea erdi oinezkotzeko proiektua hobetzea, Sopelako hondartza-erdigunea kohesionatzea, HAPO bultzatzea, irisgarritasuna eta auzo-bideak hobetzea.
3. HEZKUNTZA. Hezkuntza, gure etorkizuna. Zipiriñe eta Iberre ikastetxeetako espazio-arazoei aurre egiten jarraitzea eta Loroño eta Abaro lursailak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, eskola-bide seguruen proiektua, Sopelako Eskola Kontseilua martxan jartzea…
4. INGURUMENA. Trantsizio ekologikoa. Urko hezegunearen naturgunearen proiektuaren lehen fasea gauzatzea, Sopelako auzo-bideen inbentarioa eta mantentze-lanak garatzea eta Zipiriñeko Eskolan eguzki-plaken kopurua handitzea.
5. KULTURA. Herri sortzaile eta dinamikoa. Liburutegi berria, sorkuntza bekak, gazteentzako ikasketa gelak, kalitatezko kultur eskaintza etxean
Kurtzioko kulturarena, Larrabasterrako jaiak Sopelakoarekin orekatzea, udal eraikinetako ikasgelak,…
6. KIROLA. Aisia aktiboa eta osasungarria. Kirol Plan Estrategikoa, Kirol Instalazioen Ikuskapen Teknikoa eta Inbertsio Plana, Iturrieta eta Artaza parkeak hobetzea eta Ugeraga, Kurene eta tokiko beste kirol-elkarte batzuekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea.
7. PARTE-HARTZEA ETA GARDENTASUNA. Gertuko udal bat. UPV/EHUrekiko partaidetzazko gobernantza-plana, Udal Erregelamendu Organikoa berritzea, kode etikoa, udalaren webgunearen gardentasun-ataria garatzea, hurbileko polizia-eredua…
8. ELKARTASUNA ETA ANIZTASUNA. Inklusibotasuna eta zaintza. Aniztasuna ikusarazteko eta lantzeko ekintzak, bi etxebizitza Mankomunitateari lagatzea gizarte-larrialdiko kasuetarako, udaletako eta eskualdeetako gizarte-dirulaguntzak hobetzea…
9. EUSKARA. Gure ilusioa, herri euskalduna. Euskara Plan berri bat, Euskaltegian euskara doan ikasteko baliabideak eskaintzea, Udalaren kontratu eta hitzarmenetako euskara klausulak,…
10. BIZI-KALITATEA. Egunerokoa. Bideak garbitzeko eta lorezaintzako zerbitzuak hobetzea, trafikoa moteltzeko neurriak, Sopelako mugikortasun-plana berritzea, bidegorrien sarea hobetzea, garraio publikoa eta ekologikoa sustatzeko interpelazioa: Bizkaibus (Atxabiribil, Arrietara, UPV/EHU), Metro Bilbao (maiztasunak handitzea).
11. EKONOMIA ETA TURISMOA SUSTATZEA. Tokiko merkataritza bultzatzea. Hitzarmena Merkatarien Elkartearekin, “Bendeja” edo azoka sustatzea, Urkoko autokarabanen aparkalekua berritzea…
12. PERTSONAK. Komunitatea. Sopela “herri atseginagoa” bihurtzea adinekoentzat, Sopelako gazteria kontseilua bultzatu, mugimendu feministarekin elkarlana espazio propioa emanez…
Alkatearen esanetan, “jarduketa-plan hau ahalik eta gardenena eta errealistena izan dadin ahalegindu gara. Ez da plan itxia, eta, beraz, herritarrek, eragile sozialek, udal-langileek eta Udalbatzako gainerako taldeek proposatuta, aldaketak eta hobekuntzak egiteko aukera egongo da, udal funtzionamenduak ahalbideratzen dituen ohiko bideak erabilita”.