143 Aldiz ikusita, 10 gaur
- Udalak herri-ondarearen bilketan eskarmentu luzea duen Labayru Fundazioari eskatu dio udalerriko baserrien katalogoa egiteko
- Proiektua Sopelako eraztun Berdearen baitan bultzatu da eta herriko ondare arkitektonikoaren zati garrantzitsu bat gorde eta babesteko helburua du.
- Labayru dagoeneko lanean ari da eta aste hauetan Sopelako baserrien dokumentazio grafikoa biltzen arituko da.
Sopelako Udalak Labayru Fundazioa kontratatu du udalerriko baserrien katalogoa egiteko. Labayru, 1977an sortu zen irabazirik gabeko erakundea da. Hainbat arlo lantzen ditu: irakaskuntza, itzulpengintza, euskararen erabileraren normalizazio-planak, etnografia, lexikografia… herri-ondarearen bilketan ere eskarmentu luzea du Labayruk eta horixe da, hain zuzen ere, proiektu honen helburua.
Baserria, euskaldunon bizimodu tradizionalaren ardatza
Baserria eraikin hutsa baino askoz ere gehiago da: familiaren etxebizitza, nekazaritza eta abeltzaintzarako oinarria, ganaduaren aterpea, biltegia, lanerako lekua, babes espirituala, familiako aurreko belaunaldiekin lotzen gaituena… Baserria, beraz, euskaldunon bizimodu tradizionalaren ardatza izan da. Horregatik era honetako ikerketak egitea sano garrantzitsua da, baserriak gure kulturan izan duen garrantzia ezagutu eta transmisioari bidea egiten laguntzeko.
Lan honen aurrekari moduan, Sopelako Udalak berak egindako ikerketa aipatu behar dugu: Actualización de la Carta Arqueológica del Término Municipal de Sopela (Bizkaia): estudio histórico-patrimonial y geomorfológico. Bertan jasota daude herriko baserriak eta errotak, batez ere XVIII. mendean egin ziren sutegietako-erroldetan oinarrituta.
Ikerketa hori laguntza handikoa izango da Labayruren lana bideratzeko orduan. Baina edozelan ere, Labayru Fundazioak Artxibo Historikoen araketa bat egingo du, denboran, bai aurretik eta bai ostetik, informazio hori osotu ahal izateko.
Idatzizko informazioa osotzeko, egitasmoan eman beharreko bigarren pausoa, jasotako datuak herriko lekuko hautatu batzuekin alderatzea izango da. Baserrien izenak berdin mantentzen diren jakiteko, zeintzuk aldatu diren, berriztu egin diren…, etab. Horretarako bideo-grabazioak egingo zaie herritar jakin batzuei.
Egitasmoaren emaitza liburuxka batean argitaratuko da
Hauxe da baserrien katalogo honetan baserri bakoitzari buruz argitaratuko den edukia: Izen normalizatua (idatziz erabili behar dena), lekukoen ahotik jasotako ahozko aldaera, baserri bakoitzaren argazkia, eta bakoitzari buruzko informazio osagarria: informazio historikoa, dokumentuetan aurkitutako lehenengo aipamenak, eraikinaren berezitasunak edo ezaugarriak, toponimoaren gaineko informazioa, edo aparteko jakingarriak.
Egitasmoaren emaitza liburuxka batean argitaratuko da. Lan hori izango da Sopelako baserriei buruzko informazioa sopeloztarren artean gizarteratzeko euskarria.
Sopelako baserrien argazkiak
Sopelako baserrien katalogoaren baitan, hurrengo egunetan Fundazioko kideak baserri ezberdinetara hurbilduko dira argazkiak ateratzeko, dokumentazio lanak osatzeko helburuarekin.
Argazkiak ateratzeko bisitak banan-banan egingo dira, eta ez dute inolako esku-hartze fisikorik izango baserrietan. Sopelako ondarearen dokumentazio historikoa osatzea da helburua.
Adibide polit bat: Zalduondoerdikoa baserria
Zalduondoerdikoa (ahozko aldaeran Ságondoerdikó) baserriaren lehen aipamena Bizkaiko su-erroldetako lehen zerrendan aurkitu dugu, 1704. urtean: Zaldu[a] ondo de medio. Hortik aurrera Zalduondo erdicoa moduan ere batu dugu. Baina Zalduondo abizenaren erregistroa lehenagokoa da, 1618an Domingo de Çalduondo erregistratuta dago Bizkaiko Eliz Artxiboetako agirietan. Inguruan izen hori erro moduan duten beste bi baserri ere badaude, bakoitzak tokiaren araberako gehigarria jaso du: bekoa, erdikoa eta goikoa. Baserria konponduta dago baina lehengo elementu batzuk mantentzen ditu, esaterako, etxe-aurreko habeak eta zurezko armazoia.
Eraztun Berdearen Kontseilutik sortutako ekimena
Eraztun Berdea Sopelako ingurumen natural eta giro kulturala zaintzeko eta herri hobea lortzeko asmotan sortutako egitasmo ilusionagarria da, eragile instituzional, politiko eta sozialen arteko lankidetzak garatua.
Herriko ondare historiko eta kulturala babesteko helburua ere badu Sopelako Eraztun Berdearen Kontseiluak. Lan ildo horretan, udalerriko mapa arkeologikoa osatzeaz gain, herri bideen inbentarioa onartu da legealdi honetan. Horren bidez, bi herri bideen berreskurapena gauzatu du Udalak: Errotenbidea eta Meñakoz bidea.
Halaber, Sopelako Udalak badu beste egitasmo bat herriko ondare historikoa berreskuratzeko: Udalak Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmen bat du udalerriaren memoria historikoa bilduko duen ikerketa proiektu bat egiteko, Koldo Somokueto historialari urduliztarraren laguntzarekin.
Informazio gehigarria:
