239 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak berretsi egiten du jai seguru, inklusibo eta indarkeria matxistarik gabekoen aldeko konpromisoa. Ez da onartuko pertsonen askatasuna, duintasuna edota osotasuna urratzen duen jokabiderik. Sopelak gozamen partekaturako espazioa izan nahi du, non parte hartzen duten pertsona guztiek jaiak errespetuz, berdintasunean eta beldurrik gabe bizi ahal izango dituzten.
Indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, sentsibilizazioa eta arreta bermatzeko helburuarekin, Udalak Puntu Morea zerbitzua jarriko du martxan, jaietan erreferentziazko gune segurua izango dena. Zerbitzu honek honakoak eskaintzen ditu:
- Erasoen aurkako protokoloa
- Arreta sexologikoa eta psikologikoa
- Berdintasunari buruzko informazio-materiala
- Aniztasun sexualari buruzko prestakuntza
- Udal zerbitzuei buruzko informazioa
Kokapena eta ordutegia:
- Ekainak 26 eta 27: 00:00–03:00, Eleizalde kaleko kioskoa.
Puntu Morea zerbitzua profesional espezializatuek artatuko dute eta edozein deserosoaldiren, erasoaren edo zalantzaren aurrean jotzeko lekua izango da.
Halaber, Sopelako Udala bat dator Emakunde eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako dekalogoarekin, zeinek errespetuan, baimenean eta erantzukizun partekatuan oinarritutako jaiak sustatzeko jarraibideak jasotzen dituen. Dekalogo honek guztion inplikazioa eskatzen du: jarrera matxistak gaitzestea, eraso bat jasan duenari babesa ematea, mugak errespetatzea, arrisku egoeren aurrean jardutea eta erantzukizuna beti erasotzailearena dela gogoraraztea.
Bestalde, Udalak aitortu eta babesten du Sopelako kuadrillak eta Sugarrik egindako lana. Kolektibo hauek indarkeria matxistaren aurrean jarduteko protokolo espezifikoa garatu dute jai giroan, bereziki txosnetan. Protokolo honek honako hauek jasotzen ditu:
- Eraso moten identifikazioa, jarrera sexistetatik hasi eta eraso larrietaraino
- Erantzuna aktibatzeko erreferente pertsonen presentzia (bereizgarri bidez identifikatuta)
- Jarduteko neurri argiak: erasoa jasan duen pertsona babestea, protokoloa aktibatzea, beharrezkoa bada jarduera etetea eta erasotzailea kanporatzea
- Mugimendu feministarekin koordinazioa
Tresna komunitario funtsezkoa da, jaiak espazio seguruak izan behar direla eta horien zaintza guztion ardura dela indartzen duena.
Indarkeria matxista desagerraraztea herritar guztien konpromisoa da. Sopelako Udaletik dei egiten da erantzukizunez jokatzera, bai ikuspegi indibidualetik bai kolektibotik, errespetua, bizikidetza eta elkarren zaintza sustatuz.
Sopelan, jaiak, askatasunean, berdintasunean eta indarkeria matxistarik gabe bizitzen dira.

