90 Aldiz ikusita, 1 gaur
Joan den otsailaren 6tik 15era, Sopelako ostalaritza establezimenduetako 2026ko Inauterietako Dekorazio Lehiaketa egin zuten, eta, denera, udalerriko ostalaritza sektoreko 19 establezimendu atxiki ziren ekimenera. Astebete pasatxo iraun duen lehiaketan 972 bozka baliodun erregistratu dituzte, eta, datu horrek, agerian uzten du herritarren parte hartze altua eta publikoaren inplikazio maila handia tokiko ostalaritza sektorearen dinamizazioan.
Herritarrek aurrez aurre bozkatu ahal izan dute euren dekorazio gogokoenaren alde, online formulario baten bidez. Establezimendu bakoitzeko karteletan zegoen QR kodearen bidez eskuratu ahal zen online formularioa. Era horretara, parte-hartzea eta giro ona sustatu ziren.
Lehiaketaren atariko gisa, Toki Garapen sailak prestakuntza saio bat antolatu zuen ostalaritza sektorearentzat, euren lokalak apaintzen ikasteko. Urtarrilaren 26an izan zen saio hori, Kurtzio Kultur Etxean. Urtzi Zarate Espacios Efímeros enpresako profesionalak eman zuen: Bizkaiko eta beste herri batzuetako lehiaketetan saritua izan da.
Erakusleiho-apainketako, diseinuko eta ostalaritza sektoreko profesionalek osatu dute epaimahaia. Bertako kide izan dira Urtzi Zarate, Espacios Efímeros enpresako kidea eta dekorazio aditua; Jorge de Francisco, Bilboko Merkataritza Ganberako Merkataritza Saileko teknikaria; eta Paula Varela, 12 urtez Getxoko ostalaritza negozio bateko kudeatzaile izandakoa eta halako lehiaketetan parte hartzaile aktibo izandakoa.
Sopelako Udalak izendatutako epaimahai profesionala otsailaren 13an bildu zen puntuazio txantiloi bat erabiliz emaitzak eztabaidatzeko. Honako alderdi hauek baloratu zituzten, besteak beste: originaltasuna eta sormena, estetika eta muntaia, koherentzia, argiztapena eta konposizio bisuala.
Urtzi Zarate adituaren arabera: “Lehiaketan parte hartu duten ostalaritzako establezimenduen sormenean maila nahiko altua ikusi dut, askotariko elementuak eta atrezzoak sortzeko ahalegina nabarmenduz. Giro eta tematizazio oso-osoak lortu dituzte. Inplikazio eta ahalegin handia egon da, eta emaitza asko bikainak izan dira”.
Bozketa aldia amaitu eta erregistratutako botoak zenbatu ostean, sari hauek banatu ziren:
- Epaimahaiaren lehenengo saria (295 euro eta diploma): Cafe Barinatxe.
- Epaimahaiaren bigarren saria (150 euro eta diploma): Cafe Uyarra.
- Publikoaren saria (295 euro eta diploma): La Kala taberna.
Sari horiez gainera, bozketan parte partu duten pertsona guztien artean 45 euroko sei txartel zozketatu dira: Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan edo Inauterietako Dekorazio Lehiaketan parte hartu duten edozein saltokitan trukatu ahal izango dira.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Ostalariei eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet, parte hartzeagatik eta inplikazio altuagatik. Komunitatearen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da ostalaritza bultzatzeko, eta, egunez egun, ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko lanean ari diren personak ezagutzeko eta ikusarazteko balio izan du. Eskerrak eman nahi dizkiet beren lokalak apaintzeko egin duten ahaleginagatik, Sopelarekin duten konpromiso sendoa erakusten duen jai giroa sortuz. Eskerrik asko guztioi”.
