317 Aldiz ikusita, 2 gaur
Azken bi hilabeteetan hegazti gripearen hainbat kasu identifikatu dira gure inguruko kaioetan.
Hegazti gripea mundu osoan zabalduta dagoen gaixotasun birikoa da, batez ere uretako basa hegaztien artean mantentzen dena. Gripe zoonotikoaren birus horiek normalean animalien artean zirkulatzen dute, eta infekzioa eragin diezaiekete gizakiei probabilitate txikian.
Egoera horretan, arrisku nagusia haztegietako hegaztiak kutsatzea da. Ildo horretan, Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Animalien Osasuneko Zerbitzuek dagoeneko ezarri dituzte establezimendu horiei zuzendutako zaintza eta prebentzio-neurri zehatzagoak, hegazti basati horiek abeletxeetako hegaztiak kutsa ez ditzaten. Era berean, zentro horietako langileak gaixorik edo hilda dauden hegaztien eginkariekin eta mukosekin kontaktuan egon ez daitezen gomendioak eman dira.
Biztanleria orokorrari dagokionez, kutsatzeko arriskua oso txikia da. Hala ere, kontuan hartuta gure udalerrietako eremu publiko askotan basa-hegaztien kontzentrazioak gertatzen direla eguneko une jakin batzuetan, bereziki kaioak, Osasun Publikoko Zuzendaritzak egoeraren eta kontuan hartu beharreko prebentzio-neurrien berri eman nahi du:
- Kaioak edo beste basa-hegazti batzuk pilatzen diren leku publikoetan ingurunearen garbiketa, desinfekzioa eta paperontzien hustuketa eta garbiketa areagotzea.
- Norbera babesteko neurriak bermatzea garbiketa-lanak egiten dituzten langileengan edo gaixo edo hilda dauden hegaztiekin kontaktuan jartzen diren beste edozein langilerengan.
Gaixorik edo hilda dauden hegaztiak aurkituz gero, Foru Aldundien zerbitzuen telefonoak eransten dira.
- Bizkaia: 94 4465297
- Gipuzkoa: 943 000420
- Araba: 945 181767 (hilak) // 945 248515 (gaixoak)
