132 Aldiz ikusita, 1 gaur
Proiektuak bowl motako kirol-instalazio berri bat eraikitzea aurreikusten du, Larrondogane bidean, Ane frontoi-rokodromoaren atzean.
Lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute; beraz, Sopelak urte berria skatepark berriarekin hasiko du.
Ez da zuhaitzik moztuko eta skateparkaren inguruan transplantatuko dira, ingurune atsegina sortuz.
Herri-eskaerari erantzuten dion ekimen honek 48.398,54 euroko aurrekontua du (BEZa barne) eta herritar guztiei irekitako kirol-eremu inklusiboa sortuko du.
Gaur bertan hasi dira Sopelako Iturrieta parkean skatepark berria eraikitzeko lanak. Udalak herritarren eta herriko gazteen eskaerari erantzunez bultzatutako proiektua da hau, eta Larrondogane bidean kokatuko da, Ane frontoi eta rokodromoaren atzean dagoen parke-eremuan.
Lanek hiru hilabeteko exekuzio-epea izango dute. Horrela, dena Aurreikusitakoaren arabera joanez gero, sopeloztarrek urte berriari hasiera emango diote instalazio modernizatuz gozatuz.
Diseinua eta ezaugarri teknikoak
Bowl edo katilu motako skatepark bat eraikiko da: lurrean induskatutako sakonune bat izango da, denera, 215,27 m²-ko azalerarekin eta hormigoi jarraituzko gainazal kurbatua duena. Diseinua inguruko zuhaiztiekin integratu da, parkeko berdegunea errespetatuz. Are, ez da zuhaitzik moztuko. Daudenak lekualdatu egingo dira eta skateparkaren inguruan kokatuko dira.

Parkearen geometria eta trantsizioak hastapen-mailako kirolariei zein esperientzia handiagoa dutenei egokituta daude, ikaskuntza progresiboa eta segurua ahalbidetuz. Elementu tekniko nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Egitura eta estaldura: Induskatutako ontziaren gainean altzairuzko armadura jarriko da eta gunitatutako hormigoi jaurtia aplikatuko da gainazal jarraitua eta erresistentea lortzeko.
- Mugak eta perfilak: Borde nagusietan Ø60 mm-ko altzairu beltzezko coping perfilak jarriko dira, eta arrapalaren luzapenean pool coping motako akabera prefabrikatua erabiliko da.
- Drenatzea: Bowl-aren punturik baxuenean urak husteko sistema bat jartzea jasotzen da, euria egiten duenean ura metatzea ekiditeko
Kirola, osasuna eta bizikidetza
Proiektu honen helburu nagusia Sopelan kirol urbanoak (skateboarding, roller, surfskate…) sustatzea da, adin eta sexu guztietako pertsonei irekitako gune osasuntsu eta inklusiboa eskainiz.
Guztira, obren aurrekontua 48.398,54 eurokoa da (BEZa barne). Lanak iraun bitartean, eremua hesituta eta itxita egongo da segurtasun arrazoiengatik. Udalak barkamena eskatzen du sortutako eragozpenengatik.
