135 Aldiz ikusita, 1 gaur
Urtero joaten da uda, eta urtero izaten du Sopelak uda behar bezala agurtzeko parada. 2014az geroztik martxan den Sopela Kosta Fest jaialdiak hamaikagarren edizioa izango du irailaren 20tik 22ra bitarte. Adin eta publiko guztiei jarri den jaialdia da, eta aurten ere nornahik gozatzeko aukera izango du. Natura, musika eta surfa oinarri izanik, Sopelako ingurunea eta ondare naturalez gozatzeko aukera eskainiko du Sopela Kosta Fest-ek.
EHSF Surf Txapelketa, kayak surfa, surf egokitua… Surfaz eta surfaren bitartez gozatzeko aukera bikaina egongo da asteburu osoan. Baina ez da kirol bakarra izango: Kalistenia, parkourra, slackline-a, taitxia edo skateboard-a bezalako modalitateak ere praktikatzeko beta egongo da. Kirola ez ezik, bestelako ikastaro eta tailerrak eta argazki lehiaketa eta erakusketa ere egongo dira.
Kontzertuak, jaiaren epilogo
Jarduera horiez gain, puntako musika taldeak ere egongo dira, egun zoragarriak borobiltzeko eskaintza kultural izango direlarik. Maruja Limón, Arizona Baby, Bele, Janus Lester, Acid Tongue, Cherry Boppers Patricia Meet Reckless, Txopet, Vulcanizadas eta Ginger taldeak arituko dira oholtza astintzen.
Izen-emateak datozen asteetan jarriko dira martxan, eta informazio guztia sopelakostafest.eus atarian eta jaialdiaren sare sozialetan egongo da eskuragarri.