243 Aldiz ikusita, 1 gaur
Gaur, urriak 8, 18:00etan, Udaletxean, lehen aldiz bilduko da Sopelako bide publikoen lantaldea. Datozen urteetan zer bide mantenduko eta kontserbatuko diren erabakiko da bertan. Ekimen hau herritar guztiei zabalik dago eta Sopelako Eraztun Berdearen Kontseiluak antolatu du.
Eraztun Berdeak bultzatutako dinamika bat
Sopelako Eraztun Berdearen Kontseilua Sopelako elkarteek eta Udaleko alderdi politikoek osatutako foroa da, eta Sopelan eraztun berde bat sortzea du helburu, gure ondare naturala eta historikoa babesteko.
Irailaren 24an egindako azken kontseiluan, lantalde bat antolatzea proposatu zen, Udalak zein bide publikotan esku hartu behar duen planifikatzeko, bide horiek balioesteko eta zaintzeko.
Dinamika partehartzaile hori bera bultzatu da udalerriko bidegorrien sarearen kasuan, non lantalde bat sortu baitzen herritar guztientzat zabalduta, bidegorri sare hori nola osatu eta hobetu erabakitzeko.
Sopelako bide publikoen inbentarioa
2025eko abenduko osoko bilkuran, Sopelako Udalak behin betiko onartu zuen Sopelako Bide Publikoen Inbentarioa.
Hortik aurrera, inbentario horretako bideak Udalaren titulartasunekoak izango dira, gure ondare publikoaren parte. Horrela, balio historiko eta natural handiko bideak berreskuratu dira. Izan ere, bide publiko horiek natura-ondare garrantzitsua dira Sopelako Eraztun Berdearen proiekturako: Sopelan oinezkoentzako gune berriak izateko aukera irekitzen da, herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzen dira, eta udalerrian turismo iraunkorra bultzatzeko baliabideak eskaintzen dira.
Eraztun Berdearen Kontseiluak eta Udalak lantaldean parte hartzeko deia egiten diete sopeloztar guztiei. Gure udalerriko bide publikoak zaintzeko interesa izatea besterik ez da behar!
