210 Aldiz ikusita, 1 gaur
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Administrazioarekiko Auzien Salak, 2023ko irailaren 28ko 435/2023 Epaian, berriki baliogabetu ditu 179/2019 Dekretuaren zenbait artikulu eta apartatu, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea (ETEL) garatzen dutenak, erakunde horietan euskararen erabilera lehenesten dutenak.
Dekretuak Udal Legea garatzen du eta hizkuntza ofizialen erabilera arautzen du. Auzitegi Nagusiak dekretuaren aurka egin du, joan den uztailean Konstituzio Auzitegiak Udal Legeari buruzko epaia eman ostean. Epai horiek euskararen ofizialtasuna ere zalantzan jartzen dute, eta, askotan, Udal Legeak arautzen ez dituenak ere aurreikusten dituzte, prebentzioz.
Eusko Legebiltzarrak adostasun handiz onartu zuen auzitegiek baliogabetu nahi duten Udal Legea, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak ere erakutsi du gizartearen gehiengo zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai horiek euskara biziberritzearen aurkakoak izateaz gain, gizartean adostasun handia lortzearen aurkakoak dira. Azken batean, zalantzan jartzen dute herritarrak eta udalak zehaztea.
Horregatik, EH BILDU, ELARREKIN PODEMOS SOPELA eta EAJ-PNV talde politikoek honako mozio hau onartu zuten Joan den urriaren 26an egindako azken osoko bilkuran:
“EUDELen Batzorde Betearazleak Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan egin duen lehenengo ohiko bileran, alkateek honako adierazpen hau onartu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berriki emandako epaiaren aurrean. Epai horrek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du:
•Konstituzio Auzitegiaren aurreko epaian egin bezala, EUDELek berretsi egiten du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa gauzatzeko eta euskal udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko, herritarrekiko hurbiltasunetik abiatuta.
• EUDELen ustez, epai berri hau toki-autonomiaren aurkakoa da, eta hizkuntza-arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen du.
• EUDELeko Batzorde Betearazleak bereziki larritzat jotzen du euskarari zerbitzu-hizkuntza eta erabilera normal eta orokorreko lan-hizkuntzatzat ematen dioten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere baliogabetu dira, hala nola kontratazio publikoan euskara baloratzea ahalbidetzen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek hurbilen duten administrazioarekin zein hizkuntza ofizialetan izan nahi duten harremana erabakitzeko duten eskubidea bermatzeko.
• Udalek ezin dituzte hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezarri, ez barruan, ez kanpoan. Hori galga da toki-erakundeen funtzionamenduan euskararen erabilera normalizatzeko, eta are kezkagarriagoa euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan. Kaltetuenak euskara hizkuntza nagusi eta ohikoa duten udalerrietako bizilagunak dira.
• Adostasun politiko eta instituzionalari eta euskal gizartearen baterako lanari esker, euskal hiztunen komunitatea bultzatuz, euskararen bizitasuna indartu da gure herri eta hirietan. EUDELek Estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak ematen ari diren egungo unea nabarmendu du, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera gisa, guztion artean eraikitzen joan den legediaren bitartez.”
Horrela, bizi dugun olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarofobo honen aurrean, Gobernu Taldetik uste dugu unea dela aurrerapauso bat emateko, euskara erdigunean jartzeko eta kalean desadostasuna erakusteko. Horregatik, AZAROAREN 4AN Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Oldarraldia aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean BILBON antolatu duen manifestazioan parte hartzera animatzen ditugu herritar guztiak. Manifestazioa 17:00etan hasiko da, Euskalduna Jauregiaren aurrean.