389 Aldiz ikusita, 1 gaur
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak arrazoia eman dio Udalari, Sopelako Auzo Elkarteak (AVS/SAE) Abaroko Plan Partzialaren aurka aurkeztutako errekurtsoari erantzunez
Horrela, desblokeatu egin da Abaroko proiektua. Plan Partzial horren bidez, babes ofizialeko 490 etxebizitza inguru eraikiko dira, Iberreko institutua handitu egingo da Batxilergoko eraikin berri bat eginez, bidegorri bat eta pasabide bat eraikiko dira Larrabasterra Sopelako erdigunearekin lotzeko, eta Urko ibarra leheneratzeko proiektuak jarriko dira abian
Joan den irailaren 23an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Sopelako Udalari jakinarazi zion Sopelako Auzo Elkarteak (AVS/SAE) Abaroko Plan Partzialaren aurka aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoari buruzko epaia, Udalari arrazoia emanez.
Udalaren aldeko epai honek Abaroko Plan Partzialaren garapena desblokeatzen du. Plan Partzial horren barruan daude babes ofizialeko 490 etxebizitza inguru eraikitzea; Iberreko Institutua handitzea Batxilergoko eraikin berri bat eraikiz; Larrabasterra Sopelako erdigunearekin lotuko duen bidegorri bat eta pasabide bat eraikitzea; eta, azkenik, Urko ibarrean eta Gobela ibaian leheneratzeko proiektuak abian jartzea.
Abarok berebiziko garrantzia du Sopelako etxebizitzaren krisiari erantzuteko: sektore horretan daude udalerrirako aurreikusitako babes ofizialeko etxebizitza gehienak, eta gabezia horrek egoera larriagotu egin du krisi hori 1999an Plangintzarako Arau Subsidiarioak onartu zirenetik.
Horrez gainera, udalerriko hezkuntza zentroen espazio falta larriei ere erantzun bat ematen dio Abarok, orain, Eusko Jaurlaritzak segurasun juridiko osoarekin erabili ditzakeelako Abaroko lursailak, bertan egungo Sopela BHI handitu eta Batxilergoa eskaintzeko. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Loroñoko lursailak ere bere esku dituela dagoeneko, bertan, Haur Hezkuntzako zentro berri bat eraikitzeko.
Azkenik, Abaroko Plan Partzialaren garapenak herriko eragileek eta alderdi politikoek osatutako Sopelako Eraztun Berdearen kontseiluak onartutako proiektu garrantzitsuak ere ahalbidetuko ditu jada inolako oztoporik gabe. Besteak beste, Gobela ibaiaren eta Urko aldeko ibarren berreskurapen proiektuak.
Udala une oro saiatu zen AVS/SAErekin akordioak lortzen, eta errekurtsoan planteatutako gaiak konpontzeko alternatibak proposatu zituen, plan honen garapena behar baino gehiago luza ez zedin. Hala ere, Udalaren proposamenak ez ziren inoiz kontuan hartu, eta, beraz, auzitegiek epaia eman arte itxarotea zen konponbiderako bide bakarra.
Epai horren aurka, AVS/SAEk kasazio-errekurtsoa jartzeko aukera du. Errekurtso hori salbuespenezkoa da, eta 30 eguneko epean jarri beharko litzateke.
Prozesu honek sopeloztar guztiek eta udalbatzaren gehiengoak hamarkadetan eskatu dutena atzeratu besterik ez du egin: babes publikoko etxebizitzak eta Batxilergoa Sopelan.

