240 Aldiz ikusita, 1 gaur
Abaroko Plan Partzialaren garapenak beste norabide bat hartu du, Sopelako Auzo Alternatibak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ondoren. Errekurtso horrek sortutako segurtasun falta juridikoaren ondorioz, Iberreko institutua handitzeko erabili behar diren partzelen jabeek Sopelako Udalak datozen asteetan gauzatzea aurreikusten zuen okupazio aurreratuaren aurka egitea erabaki dute. Prozesu hori beharrezkoa da lurzati horiek Eusko Jaurlaritzari behin betiko laga ahal izateko.
Jabeek aldez aurreko okupazioaren aurka egin dutenez, atzeratu egin da Abaroko lursailen lagapena, eta horrek, praktikan, blokeatu egin dezake Iberreko institutuaren handitzea. Abaroko lursailetan sastrakak kentzeko eta hesiak jartzeko lanak, okupazio aurreratua egiteko beharrezkoak zirenak, abenduaren bigarren hamabostaldirako programatuta zeuden; hala ere, jabeen ezezkoak Sopelarentzat hain garrantzitsua den urrats hori atzeratuko du.
Egoeraren larritasunaren aurrean, EHBilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Sopelak, adierazpen bateratu baten bidez, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa kentzeko eskatu diote Sopelako Auzo Alternatibari: “Errekurtso hori aurkezte hutsak eskualde honen garapena geldiaraztea ekar lezake, gutxienez bi edo hiru urterako eta ondorioz Abaro inguruan Sopelako Iberre Hezkuntza Ertainetako Institutuaren handitzea, babes publikoko 490 etxebizitzen eraikuntza eta Gobela ibarraren eraztun berdearen biziberritzea kolokan jartzen dira”.
ADIERAZPEN BATERATUA: EHBilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin-Sopelak, Sopelako Auzo Alternatibak aurkeztutako Administrazioarekiko Auzibidea kentzeko eskatzen dute
Sopelako EHBildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Sopela talde politikoek (guztira 16 zinegotzi gure herriko Udal Osoko Bilkura osatzen dugun 17etatik) Sopelako Auzo Alternatibako zinegotzi bakarrak Abaroko hirigintza-garapenari buruz aurkeztutako Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa ez dugu ulertzen ezta onartzen ere, eta ondorioz kentzeko eskatzen dugu.
Errekurtso hori aurkezte hutsak eskualde honen garapena geldiaraztea ekar lezake, gutxienez bi edo hiru urterako eta ondorioz Abaro inguruan Sopelako Iberre Hezkuntza Ertainetako Institutuaren handitzea, babes publikoko 490 etxebizitzen eraikuntza eta Gobela ibarraren eraztun berdearen biziberritzea kolokan jartzen dira.
Gure ulertezintasuna erakutsi nahi dugu, Sopelako Auzo Alternatibako udal-hauteskundeetarako programak hitzez hitz esaten baitzuen “Zipiriñe eta Iberre handitzeko bide guztiak babestea” eta “babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen laguntzea”, Sopelako gainontzeko alderdi politiko zein beste eragile sozial batzuek babesten dugun bezala. Era berean, gure gaitzespena adierazten dugu; izan ere, geldialdi honen kaltetuak Sopelako hezkuntza publikoan ikasten ari diren ikasle guztiak lirateke, egun beren beharrei erantzuteko txiki geratu diren eraikin batzuetan baitaude eta Batxilergoko ikasketak udalerritik kanpo amaitu behar dituztelako, kaltetuak ere badira babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko aukera zuten pertsona guztiak, Abaron 490 eraikitzea aurreikusita baitzegoen eta gure ingurugiroaren hobekuntza nahi dugun herritar guztiok. Ez dugu ulertzen nork izan dezakeen onura administrazioarekiko auzi honekin.
Zinegotzi honek errekurtso hori aurkezteko duen legitimitate osoa onartuta, kentzeko eskatzen diogu, eta Sopelako herritar guztiei gogorarazten diegu udalak emandako urratsek gehiengo argia dutela (aldeko 16 boto eta kontrako 1), Abaroko lurren jabeen % 100en onarpena dutela eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin sinatutako akordio batean oinarritzen direla.