139 Aldiz ikusita, 1 gaur
Atzoko Osoko Bilkuran, EH Bilduk, Elkarrekin Sopelak, PSE-EEk eta SAAk mozioa aurkeztu zuten, Metro Bilbaoko instalazioetan komun publikoak jartzeko Bideragarritasun Azterketa bat egiteko eskatzeko.
Aintzat hartuta:
1. Metro Bilbaok 30 urte inguru bete ditu zerbitzuan (1995ean inauguratu zenetik), eta haren geltokiak, hasieran, hiri inguruko garraiorako diseinatuak zirenez, ez zuten erabilera publikoko osasun-zerbitzurik izan, arrazoi historikoak zirela eta.
2. 2016ko azaroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek erabaki zuten Bizkaiko Foru Aldundiari azterlan bat egiteko eskatzea, metroaren zenbait geltokitan komun publikoak jartzeko aukerari eta bideragarritasunari buruz.
3. Eskaera horri erantzunez, Metro Bilbaok “Metro Bilbaoko geltokietan komun publikoak instalatzea bideragarria ez zela” justifikatzeko txostena egin zuen 2017ko martxoaren 20an.
4. Txosten horren arabera, osasun-zerbitzuak instalatzea ez zen bideragarria, hiru arrazoi nagusirengatik: espaziorik eza, Metro Bilbaoren proiektu funtzionalari larriki eragitea eta egikaritzeko eta ondoren mantentzeko kostu neurrigabea.
5. 2017ko azterlanak geltokien ezarpen-kostuak kuantifikatu zituen: geltoki berrien kasuan, komun publiko bakoitzeko kostua 185.000€ ingurukoa izango litzateke (mantentze-lanak kontuan hartu gabe), eta lehendik zegoen estazio bat indusketa bidez teorikoki egokitzeko, kostua 300.000€ ingurukoa izango litzateke komun bakoitzeko.
6. 2017ko txostenak adierazten zuenez, Metro Bilbaoko batez besteko ibilbidea 6,45 km-koa da, eta batez besteko bidaia-denbora, berriz, 10 minutukoa. Datu hori erabili zen komunen beharra zalantzan jartzeko. Hala ere, funtsezkoa da 65 urtetik gorako herritarrak artatzea, erabiltzaileen %25 inguru zirelako garai horretan, eta, gainera, etengabe hazten ari da talde hori. Bidaiari horientzat, eta ibilbide luzeagoak egiten dituztenentzat (adibidez, Plentziarainoko linea osoa), edo premia larriak dituztenentzat edo arrazoi medikoengatik, osasun-zerbitzurik ez izateak zerbitzuaren kalitatea murrizten du.
7. Txostenean aipatzen diren zailtasun tekniko nagusiek eta kostu handiek zerikusia dute lurpeko edo tunelpeko estazioen berariazko diseinuarekin eta ebakuazio-ibilbideekiko interferentziekin. Hala ere, txostenak ez du sakonean aztertzen azaleko eta tunelik gabeko estazioetako bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, horietan zailtasunak “egingarriagoak” izan badaitezke ere (adibidez, Plentziako linearen goiburuetan).
8. Txostenaren antzinatasuna (2017), saneamendu-sistemen aurrerapen teknologikoak, segurtasuna (bandalismoa arintzeko) eta konponbide arkitektonikoak kontuan hartuta, beharrezkoa da egungo egoera eta konponbide malguagoak ezartzeko aukera berriz ebaluatzea.
9. Egia da 2017an, Bizkaiko Batzar Nagusietan, antzeko ekimenak baztertu zirela arrazoi teknikoengatik, segurtasunagatik eta kostuagatik. Hala ere, testuingurua nabarmen aldatu da: metro-sarea handitu egin da, bidaia-denborak luzeagoak dira, eta gaur egun adostasun instituzional eta sozial handiagoa dago zerbitzu publiko irisgarri eta inklusiboen beharraren inguruan, Batzar Nagusiek komun publiko inklusiboak gaitzea aho batez onartu izanak erakusten duen bezala.
Proposatzen da:
Sopelako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori eskatzen die egin beharreko kudeaketak egin ditzatela beste azterlan eguneratu eta xehatu bat egiteko, Metro Bilbaoko geltokietan komun publikoak instalatzeko aukera eta bideragarritasuna aztertzeko, ukitutako udalen parte-hartzearekin eta honako irizpide hauek kontuan hartuta:
1. Azterketa Estrategikoa eta Partziala: Azterketa erabilera publikoko osasun-zerbitzuen ezarpen selektibo eta estrategikoko eredu batean zentratzea (nahikoa litzateke 4-5 geltokitatik behin eta metro linea bakoitzaren adarretan bakarrik, bidai luzeenetako beharrak asetzeko), geltoki guztietan instalatzea aurreikusten duen eredu baten ordez, zerbitzua maximizatzeko eta kostu osoaren gehikuntza masiboa saihesteko (lurpeko 26 estazioetarako aipatutako 5 milioi euroak bezala).
2. Tunel gabeko estazioen bideragarritasuna: lurpekoak ez diren estazioetan (tunel gabeak), lur mailan azalera edo espazio handiagoa dutenak lehenetsiz (adibidez, linearen burualdekoetan) bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa berariaz aztertzea.
3. Sistema Adimendunen Inplementazioa Barik-arekin: komunetarako sarbidea errazteko (txartelen balioztatze-ilara baino lehen badaude) eta zerbitzu horietara Barik txartelaren bidez sartzeko aukera emateko aukera tekniko eta operatibo berritzaileak aztertu beharko lirateke, sistemara berriro sartzeko aukera emanez zigorrik edo txartel bikoizturik gabe denbora mugatu batean.
4. Kostuen eta Arriskuen Eguneraketa: inplementazio eta mantentze-kostuak berriro ebaluatu beharko lirateke teknologia modernoen argitan, eta segurtasun eta bandalismo arriskuak minimizatzen dituzten sistemen ebaluazio sakonagoa egin beharko litzateke, baita ebakuazio-prozedurekin eta hodi elektrikoekin interferentziak ere, 2017ko txostenean identifikatutako oztopo nagusiak izan baitziren.
5. Ondorioak Udalei helaraziko zaizkie, adostutako akordioak lortzeko eta, hala badagokio, udalerri bakoitzari egokitutako jarduera koordinatuak bultzatzeko.
