319 Aldiz ikusita, 3 gaur
Joan den maiatzaren 16an, 21:40 aldera, Sopelako Udaltzaingoaren patruila bat Iberre kalera joan zen, auto baten barruan pertsona bat ondoezik zegoela jakinarazi zutelako.
Agenteek berehala esku hartu, eta egiaztatu zuten pertsona horrek ez zuela estimuluetara erantzuten eta ez zela arnasten ari. Autotik atera, eta bihotz-biriketako bizkortze maniobrak hasi zituzten, beste patruila batek desfibriladore automatiko bat (DESA) ekartzen zuen bitartean.
Agenteek bizkortze-lanekin jarraitu zuten, eta DESA gailuak deskarga elektriko batzuk eman behar zirela adierazi zuen. Minutu gutxi barru, anbulantzia bat iritsi zen, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.
Sopelaren kasuan, ez da DESA gailu batek bizia salbatu duen lehen aldia. 2020an antzeko egoera eman zen, eta Udaltzaingoaren esku-hartze azkarrak eta desfibriladorearen erabilerak beste pertsona baten bizia salbatu zuten. 2017an gailu hauek jarri zirenetik, sei aldiz erabili dira gutxienez.
Gaur egun, Sopelak hamabi DESA gailu ditu eraikin publikoetan eta kiroldegietan banatuta. Gainera, 2025ean, Udaltzaingoaren ibilgailu berriek DESA propioak izango dituzte. Neurri honek azkar eta eraginkortasunez esku hartzea bermatu nahi du larrialdi-egoeretan. Izan ere, baliabide teknikoez gainera, udaltzain guztiek dute lehen sorospenei buruzko prestakuntza.
Era berean, Udalak eskerrak eman nahi dizkie Peña Atxuri eta Gorka Yarritu surf eskolei, maiatzaren 29an egindako erreskateagatik. Izan ere, egun horretan Sopelako zenbait surf eskolen deia jaso zuten larrialdi zerbitzuek egoera larri bat ematen ari zela esanez. Atxabiribil hondartzan zeuden hainbat pertsona bainua hartzera sartu ziren uretara, eta, korrontearen indarragatik uretatik atera ezinda geratu ziren. Surflariek 30 bat pertsona erreskatatu zituzten guztira.
