297 Aldiz ikusita, 2 gaur
Sopelako Udala herritarren parte-hartzea sustatzen ari da Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren diseinuan. Herritarrek ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera izan dute, eta, martxoan, horiei banan-banan erantzuteko ardura hartu zuen Udalak. Ekarpen guztiak erantzunda geratu baziren ere, horietako batzuek ez ziren garaiz sartu erantzunak ikustera; beraz, jasotako ekarpen guztiak erantzunda geratu direla bermatzeko, datorren astean bigarren buelta bat egitea erabaki du Udalak.
Udalak 2024ko ekainetik irailaren 30era bitarte egin zuen lehenengo parte-hartze prozesua: herritarrek, gizarte-eragileek eta talde politikoek HAPOren aurrerapen dokumentuari buruz egindako ekarpenak jasotzea izan zen helburua.
Lau hilabete horietan, bi aurkezpen orokor egin ziren Kurtzioko Kultur Etxean, eta lau tailer, bi ekainean eta beste bi irailean. Ekimen horiez gain, erredakzio-taldeak 49 hitzordu egin zituen elkarteekin, gizarte-eragileekin, auzokideekin eta alderdi politikoekin. 115 ekarpen erregistratu ziren guztira, batzuk modu pertsonalean eta beste batzuk modu kolektiboan. Ondoren, jasotako iradokizun guztien laburpen-txosten bat egin zen. Dokumentu honek HAPOren partaidetza-prozesuan planteatutako gai nagusiei aurkeztutako iradokizun guztien laburpena egiten du, gaika multzokatuta.
Mikel Tapia Hirigintzako zinegotziaren hitzetan, erabaki honek Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko duen konpromisoari eusten dio: “Halako prozesuak funtsezkoak direla iruditzen zaigu, guztion artean, nahi dugun Sopela eraikitzeko eta askotariko ikuspuntuen bidez lankidetzan oinarritutako herri bat lortzeko”. Era berean, gaineratu du norbaitek erantzuna jasotzeko zailtasunik badu, Udalarekin harremanetan jar dadila.
