171 Aldiz ikusita, 1 gaur
Atzo, urriak 7, Bultzibideko egurrezko pasabidetik igarotzen den erdi-tentsioko eta zuntz optikoko linea desbideratzeko lanak hasi zituzten. Horrekin batera, hasiera eman zaie pasabidea aldatzeko lanei.
Lan hauen hasiera dela eta, Olazubi kaleko irteera itxita egongo da urriaren 9an, 10ean, 13an, 14an eta 15ean. Garajeetara eta aparkalekuetara sartu ahal izateko, Bultzibide kaleko bi noranzkoetako zirkulazioa baimenduko da, eta kale horretako azken aparkalekua egokituko da maniobrak egiteko puntu gisa.
Obra horiek bost asteko iraupena izango dute, eta, ondorioz, azaroko lehen astean amaitzea aurreikusten da.
Pasabidea eraitsi aurreko urratsa
Linea elektrikoa eta zuntz optikoa desbideratu ondoren, egungo egurrezko pasabidea eraitsiko da. Obra hori esleituta dago jada, eta astebeteko egikaritze-epea du; beraz, azaroaren amaierarako eraitsita egongo dela uste da.
Linea elektrikoa desbideratzea eta egungo pasabidea eraistea Metro Bilbaoko eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko (CTB) zerbitzu teknikoek berrikusi dituzte. Trenbidearen eragin-eremuan lan egiteko baimena baino ez da falta, eta aste honetan bertan iristea espero da.
Pasabide berria egiteko obraren kontratazioa, ordea, pleguak idazteko fasean dago egun; hau da, Udala lan hauen kontratazioa prestatzen ari da. Metro Bilbaoko eta CTBko teknikariak proiektua berrikusten ari dira, onartu ahal izateko eta egungo pasabidea ordezteko prozesuari amaiera emateko.
Obra konplexua eta garestia
Udala jakitun da Bultzibideko egurrezko egungo pasabidea eraisteko eta ordezteko prozesu hau denboran luzatzen ari dela, eta, atzerapen horrek, kalte handia eragiten diela udalerriko bizilagunei eta, bereziki, Olabideko eta Lizarreko auzokideei.
Egin beharreko lanak konplexuak dira, metroaren trenbidearen gainean egin behar direlako, eta, horrez gainera, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko koordinazioa behar da —Iberdrola, CTB, Metro Bilbao eta Udala— proiektuaren faseak onartu eta gauzatzeko: linea elektrikoa eta zuntz optikoa desbideratu, egungo pasabidea eraitsi eta pasabide berria jarri. Lan horiek guztiek, denera, 650.000 euroko finantzazioa dute.
