187 Aldiz ikusita, 2 gaur
Sopelako Udalbatzak aho batez onartutako eskaerari erantzunez, Garraio Zuzendaritza Nagusiak errefortzuko autobus bat jarriko du 07:55eko espedizioan Sopela (Iturrieta) eta Leioako Ikasgelategien artean.
Errefortzu-zerbitzua urriaren 5etik abenduaren 22ra bitartean egongo da martxan, ikasturte hasieran hautemandako saturazioari aurre egiteko.
Sopelako Udalaren azken osoko bilkuran unibertsitaterako Bizkaibus lineak indartzeko eskaera aho batez onartu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismoa Sustatzeko Sailak erantzun positiboa eman dio udal-eskaerari.
Mozio hau auzokideen eta herriko ikasleen zuzeneko eskaerari erantzunez aurkeztu zen azken Osoko Bilkuran, zerbitzuaren inguruko kezka eta egonezina helarazi baitzituzten. Sopelako Udalak berehala bere egin zuen eskaera eta Aldundiko Garraio Zuzendaritzari A2166 linearen (Uribe Kosta – UPV/EHU) saturazio-arazoaren berri eman zion; izan ere, ikasturte hasieratik gazte ugari goizeko lehen orduan autobusean igo ezinik geratzen ziren, bereziki Larrabasterran.
Urriaren 5etik aurrera martxan
Iraileko bidaiari-eskariaren bilakaera aztertu ondoren, Garraio Zuzendaritzak goizeko 07:55eko joaneko espedizioaren saturazioa egiaztatu du. Horregatik, 2026ko urriaren 5etik abenduaren 22ra bitartean aldi baterako errefortzu hau ezartzea onartu da:
- 07:55eko espedizioa indartzea JOANeko noranzkoan, zehazki Sopelako Iturrieta geralekuaren eta Leioako EHUko Ikasgelategien arteko tartean.
- Are gehiago: A2161 linean ere 07:25eko zerbitzua indartuko da JOANeko noranzkoan eta astegunetan, eta linearen ordutegiak aldatuko dira arratsaldeko lehen orduan zerbitzua areagotzeko. ETORRIko noranzkoan beste espedizio bat sartuko da orduan, 15:05etik 17:05era; hau da, tarte horretan maiztasuna 30 minututik 20 minutura igaroko da ETORRIko noranzkoan.
Neurri hauen bidez Sopelako unibertsitate-ikasleei garraio publiko egokia bermatzea lortu nahi da, erabiltzaileak goizeko lehen orduan lekurik gabe geratzea ekidinez.
Sopelako Udalak oso modu positiboan baloratzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzun azkarra eta lankidetza, herriko gazteen eta unibertsitate-komunitatearen mugikortasun-beharrei berehalako irtenbidea emateagatik.
