308 Aldiz ikusita, 1 gaur
Hurrengo pausoa Abaroko lursaila behin betiko Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko prozedurari ekitea da
Atzoko Osoko Bilkuran, Loroñoko lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzeko prozesuari amaiera eman zion Sopelako Udalak. Lagapena Udal Gobernuaren, eta oposizioko EAJ-ren eta PSE-EE taldeen aldeko bozkekin onartu zen, Sopelako Auzokideen Alternatibaren aurkako bozkaren aurrean. Abaroko lursailarekin batera, Loroñokoarena gauzatzeko bideari ekin eta 2024an Udalak barne tramite guztiak jadanik eginda zituen bi lursail horiek behin betikoz Eusko Jaurlaritzari lagatzeko. Besteak beste, hirigintza araudiaren aldaketa Loroñon eta lursailaren okupazioa Abaron.
Joan den azaroan, Udalaren eta Sopelako hezkuntza komunitatearen ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batu zen, Sopelako hezkuntza zentro publikoen handitzeari jarraipena egiteko. Loroñoko Haur Hezkuntzako instalakuntzak eraikitzeko eta Abaron Iberre institutua handitzeko prozeduretan adostasuna eta elkarlanerako prestutasuna erakutsi zauten alde biak, eta bide horretan, ezinbesteko aurrera pausoa eman zen atzo Loroñoko lursailaren lagapenarekin. “Sopelako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean dugun elkarlanaren bitartez, Sopelan kalitatezko hezkuntza eskaintza publiko zabala izan dadin lanean jarraituko dugu” adierazi du Guruzne Carrasson Sopelako alkateak.
Azken urratsa, Abaro
Bestetik, Abaroko lursailak Eusko Jaurlaritzaren esku behin betikoz uzteko prozedura bere bidea jarraitzen ari da. Lursail horren jabetza Hezkuntza Sailari eskualdatzea ezinbestekoa da Iberre institutua handitzeko eta bertan Batxilergoa eskaintzeko. 2024an lursailaren okupazioa lurren jabeekin adostu ondoren, Sopelako Udalak azken urrats hori eman behar du eta martxoko osoko bilkura jarri da helburu gisa.
![[BIDEOA] Loroñoko lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzeko prozesuari amaiera eman dio Sopelako Udalak, hezkuntza eskaintza zabaltzeko helburuarekin](https://sopela.eus/wp-content/uploads/2025/01/IMG20240215132235-1536x1157.jpg)