75 Aldiz ikusita, 2 gaur
- Memoria eta antzerki dokumentalean espezializatuta, Olatz Gorrotxategik herritarren parte-hartzean eta tokiko identitatean oinarritutako proiektu eszeniko bat bultzatuko du
- Ekimena herritarrei zuzendutako informazio-saio batean aurkeztuko da, astelehenean, azaroak 9, 19:00etan, Sopelako Musika Eskolan
- “BBK Landa Eremu Art” ek sorkuntza artistikoa hurbiltzen du Bizkaiko udalerrietara, herritarren parte-hartzetik abiatuta kultur proiektuak garatzeko baliabideak eta laguntza eskainiz
BBK-k eta Kultibak “BBK Landa Eremu Art” proiektuaren laugarren edizioa jarri dute abian. Proiektu horrek Bizkaiko landaguneen berrikuntza eta eraldaketa soziala sustatzen du, elkarlaneko esku-hartze artistikoen bidez. Oraingo honetan, proiektua Sopelan garatuko da, Olatz Gorrotxategik gidatuta.
Ekimena datorren astelehenean, azaroaren 9an, aurkeztuko da, 19:00etan, Sopelako Musika Eskolan, herritarrei irekitako informazio-saio batean. Saio horretan parte hartuko dute Alex Ygartua Kultibako bitartekariak; Guruzne Carrasson Torrontegi Sopelako alkateak; Itziar Lazaro Ardanza kultura eta hezkuntza zinegotziak; Udaleko Kultura Saileko teknikariek; eta Olatz Gorrotxategi artistak.
Topaketan herrian garatuko den proiektu eszenikoaren nondik norakoak eta bertan parte hartzeko modua azalduko dira.
Olatz Gorrotxategi antzerkigile, sortzaile eta arte eszenikoen zuzendariak ibilbide oparoa du memoria historikoa eta gizarte gaiak jorratzen dituzten proiektuetan, ikerketa dokumentalaren eta sorkuntza eszenikoaren bitartez. Antzerki-pedagogian, talde profesionalen eta ez-profesionalen prestakuntzan eta koordinazioan izandako esperientzia ere nabarmentzekoa da.
“BBK Landa Eremu Art” ekimenaren barruan, Sopelako herritarren parte-hartzetik eta talde eragile batekin egindako lanetik abiatuko da bere proposamena, udalerriarentzat garrantzitsuak diren gaiak identifikatzeko, bere historia, interesak edo nortasuna oinarri hartuta. Artistak askotariko dokumentu eta materialekin lan egitea aurreikusten du, hauei forma eszenikoa emateko. Era berean, litekeena da proposamena denboran luzatu ahal izatea.
BBK Landa Eremu Art: eraldaketa soziala, kultura garaikidearen bidez
“BBK Landa Eremu Art” proiektuak «ikaskuntzako esperientzia bat egin nahi du prozesu artistikoari eta haren emaitza eraldatzaileei buruz, praktika artistiko garaikideen ezagutza jorratuz», adierazi du BBK-k.
Edizio bakoitzean Bizkaiko landa-gune bat aukeratu, eta kultura-erronka desberdin bat proposatzen da, testuingurura eta udalerrira egokituta. Praktikan, inguruko pertsonek eta kolektiboek parte hartzen dute, eta garatu beharreko proiektua asmatzen dute, artista batekin batera.
Horrela, “BBK Landa Eremu Art” berrikuntzako laborategien zirkuitu ibiltari gisa eratzen da, eta kultura garaikidea balioesten du, gizartea eraldatzeko eta kohesionatzeko funtsezko elementu gisa. Halaber, sarbidea erraztu nahi die gune horietan bizi diren pertsonei, egungo sorkuntza eta landa-ingurunea harremanetan jarriz, arte bisualen, zinemaren, musikaren, literaturaren eta arte eszenikoen bidez.
“BBK Landa Eremu Art” jaialdiaren lehen edizioa 2023an egin zen Zallan, Asier Pérez artista bisualarekin. 2024an, Pablo Astrain muralgileak esku-hartze artistikoa gidatu zuen Erandion. Eta 2025ean, proiektuak bideosormen forma hartu zuen Itxaso Díaz zinemagilearekin Mungian.
“BBK Landa Eremu Art” bat dator 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH), lagungarria baita hirikoak ez diren komunitateetan garapen jasangarria eta inklusiboa bultzatzeko.
Olatz Gorrotxategi
Antzerkigile, arte eszenikoen sortzaile eta zuzendaria den Olatz Gorrotxategik, esperientzia handia du antzerkiaren pedagogian, ekoizpenean eta kultur kudeaketan. Bere lanak identitatea, historia kolektiboa, kontrakultura eta eraldaketa sozialak bezalako gaiak jorratzen ditu, ikerketa dokumentala, material autobiografikoak eta publikoaren parte-hartzea uztartzen dituzten proposamenen bidez.
Bere lanen artean nabarmentzekoak dira Coordenadas, memoria historikoari buruzko proiektua, DSS2016n Antzerki Testu Berrien bekarako hautatua; eta 43º13’44’’N, gaur egun biran dagoen Gerra Zibilean aitona zuen osabaren bilaketari buruzko ikerketa eszenikoa. Mierda de Ciudad, Euskal Rock Erradikalaren mugimendu kontrakulturalari buruz egin duen lehen formato handiko ekoizpen propioa da. Halaber, Progreso, el último lugar sobre la tierra lanaren egilea da, gizateriaren historia plastikoaren inpaktuarekin lotzen duena ikuspegi feminista eta ekologista batetik, Azkuna Zentroa- Alhondiga Bilbaon estreinatua.
Bere sormen lana eta antzerki pedagogia uztartzen ditu. Eskarmentu handia du arte eszenikoetako profesionalen prestakuntzan, bai eta sorkuntza-prozesuei laguntzen eta tutoretza ematen ere. Interpretazioko, dramaturgiako, sorkuntza eszenikoko eta antzerki dokumentaleko tailerrak eta eskolak eman ditu prestakuntza-zentroetan, unibertsitateetan eta topaketa profesionaletan. Halaber, profesionalak ez diren taldeekin, haur eta gazteekin eta hainbat talderekin lan egin du.
Aurkezpen irekia: azaroaren 9an, astelehena, 19:00etan Sopelako Musika Eskolan

