282 Aldiz ikusita, 1 gaur
Amaitu da 2026-2030 Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren diagnosi-fasea, eta, dagoeneko, Sopelak badu udalerriko merkataritzaren eta kontsumoaren inguruko gaur egungo argazkia.
Ekainaren 19an, Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak lan-saio bat antolatu zuen herriko merkatariekin, eta, merkatariez gainera, Sopelako elkarte eta Udaleko teknikari eta zinegotzi batzuek ere parte hartu zuten. Saio horretan, Plana diseinatu duen Ikertalde aholkularitza-taldeak, diagnosi-fasean ateratako ondorioak aurkeztu zituen, eta, ondoren, parte hartzeko eta iritziak elkarbanatzeko aukera egon zen. Sopelako merkataritzak gaur egun dituen erronkak gainditzen laguntzeko estrategia nagusien inguruan hausnartzea izan zen asmoa. Hala, 2030erako, hiri-eredu lehiakorragoa eta iraunkorragoa izango du Sopelak.
Neurri zehatzak jasoko dituen ekintza plan bat egitea izango da hurrengo urratsa. Haren bitartez, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzeko gakoak bilduko dira.
Sopelako Udalak, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartuz eta hauen lehiakortasuna hobetuz, tokiko garapen ekonomikoa dinamizatzeko gai izango den hurbileko hiri-ekonomia eredu iraunkorra bultzatzeko konpromisoa du. Plana udaleko lan-dinamika sakon baten baitan kokatzen da, tokiko estrategia osoa eguneratzea bilatzen duena, hainbat arlotan eraginez. Hala nola, mugikortasunean, kulturan eta kirolean, turismoan edo hiri-ekonomian, besteak beste.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Merkataritza-sektore indartsua izatea funtsezkoa da Sopelak herri bizia izatea jarraitu dezan. Horretarako ari gara prozesu hau aurrera eramaten, denon artean norantz eta nola jo nahi dugun erabakitzeko, eta tokian tokikoa, gertukoa, konfiantza eta kalitatea sustatzeko”.
