146 Aldiz ikusita, 2 gaur
Irailaren 21ean, astelehena, euri-uren sarea hobetzeko lanak hasi ziren Zabalbide kaleko 44. zenbakiaren ondoan, Zabalbide eta Goiene kaleen artean.
Toki horretan urak gainezka egiten du sarri egungo sarea egoera txarrean dagoelako; horregatik, bizilagunek eskatuta, Udalak 13.460,65 euroko balioa eta gehienez ere hilabeteko iraupena izango duen jarduketa honi ekingo dio.
Ez da azken urteotan egiten den mota honetako lehen lana. Horrela, Udalak azken urteetan saneamendu-sareak hobetzeko lanak egin ditu Bidebieta kalean eta Arrietara etorbidean. Gaur egun, Sertutxan eta Zubiganen ari dira lanean, Sopelako metroaren ondoan.
Guztiz beharrezkoa da “asfaltotik behera dagoena” egoera onean mantentzea. Saneamendu-sareen mantentze-lana ezinbestekoa da udalerriko bizilagunen ongizatea bermatzeko eta, horrela, gainezkatze-arazo gaitzak saihesteko. Ez dira lan oso erakargarriak, baina bai oso garrantzitsuak.
Udalak saneamendu-sarearekiko duen kezka nabaria da, eta horren erakusgarri da 2026ko martxoan egindako sarearen diagnostikoa, Akilino Arriola kalea osasungunetik Loiola Ander Deuna kalera arte hartzen zuena. Kale honetako saneamendu-sarearen egoera zein zen ez zekitenez, eta Sopelako udalerriak Saneamendu Systemaren Kudeaketa Plan Integrala (PIGSS) osatu behar duela aprobetxatuz, Udalak sare-tramu honen diagnostikoa kontratatu zion Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari (CABB). Lanen esparruak kolektoreak garbitzea eta ikustatzea hartzen zituen barne, bai eta sarearen egoerari buruzko txosten bat ere, etorkizunean egon daitezkeen isurketak saihesteko aukera emango dutenak.
