132 Aldiz ikusita, 2 gaur
Gatzarriñeko biribilgune berriko lanak azken fasean sartu ziren joan den astean, errepidearen zein barandaren azken margo-lanekin eta obretan kaltetu zen lorategia egokitzeko lanekin. Beraz, biribilgunea eraikitzeko obrak guztiz amaituta daude.
Herri-lan garrantzitsu honek —aurreko legealdian diseinatu eta oraingoan gauzatu dena, 526.271,91 €-ko kontratu baten bidez— Larrabasterrako Urgitxieta kaletik Gatzarriñerainoko trafiko-fluxua erraztea du helburu, gure udalerria zeharkatzen duen eskualdeko trafiko handiaren ondorioz auto-pilaketak jasaten baititu.
Gainera, oinezkoen segurtasuna hobetu nahi zen; horretarako, errepidea altxatu eta fresatutako asfaltoa jarri da ibilgailuen abiadura murrizteko. Jarduera honi gehitu behar zaio 2024an Urgitxieta kalearen hasieran jarritako radar pedagogikoa.
Azkenik, proiektuak Urgitxieta kalea Urkoko hezegunearekin zuzenean lotzen duen pasabide bat ere hartzen du barne. Egun, hezegunea lehengoratzeko proiektu ambiziotsu bat bultzatzen ari da, Eraztun Berdearen Kontseiluan onartua eta URA Uraren Euskal Agentziak bideratua.
Atzerapen handia eta barkamen-eskaera herritarrei
Udalak berak herritarrei informatu dien bezala, Gatzarriñeko biribilgunea aldatzeko obrek atzerapen handia izan dute martxotik aurrera, data horretan amaituta egon beharko baitziren. Lanak gauzatzean izandako atzerapen honen arrazoiak bi izan dira: batetik, hasierako proiektuaren aldaketa bat egin beharra, kostuak eta obra-unitateak handitu zirelako; eta, bestetik, Uren Partzuergoko saneamendu-sare nagusiko hiru kutxatila altxatu beharra. Bi alderdi horiei erantzuteak konplexutasun tekniko eta administratibo handia eragin du; beraz, guztiz ezinezkoa izan da obrak uztailaren amaierara arte berriro abiatzea.
Udalak badaki atzerapen handi honek eragozpenak eragin dituela, eta eskerrak eman nahi dizkie, bereziki, Larrabasterrako bizilagunei, izandako pazientzia eta ulermenagatik.











