220 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udaleko talde guztiek aho batez erabaki dute Palestinari elkartasuna adierazteko adierazpen instituzional batekin bat egitea.
Elkartasun horren erakusgarri, EH Bilduk, EAJk, AVSk, PSEk eta Elkarrekin Sopelak Palestinako bandera udaletxeko balkoitik zintzilikatzea adostu dute.
“Sopelako Udalbatzak:
- Gogor deitoratzen eta gaitzesten ditu Palestinako zein Israelgo pertsona zibilen hilketa guztiak. Hamasek urriaren 7an Israel hegoaldeko biztanleria zibilaren aurka egindako eraso indiskriminatua eta Israelgo Estatua Gazako biztanleria zibilaren aurka egiten ari den erantzun krudel eta neurrigabea onartezinak eta gaitzesgarriak dira.
- Elkartasuna, maitasuna eta babesa adierazten die Hamasek hildako Ivan Illarramendi Saizar euskaldunaren senide eta lagunei eta Loren Garcovich bikotekideari.
- Era berean, elkartasuna, maitasuna eta babesa adierazi nahi die biktima guztiei, eta bereziki gogorarazi nahi ditu hildako 5.000 adingabe baino gehiago, gehienak palestinarrak, basakeriaren eta gatazkaren deshumanizazioaren biktimak.
- Su-eten iraunkor bat eskatzen dio Israelgo estatuari, eta Hamasek bahitu guztiak askatzea, nazioarteko legedia eta, bereziki, NBEren ebazpenak betez.
- Eskatzen du, ororen gainetik, giza bizitzen balio gorena lehenestea, laguntza humanitario etengabea eta murrizketarik gabea sartzearen alde eginez, herritarrek ura, elektrizitatea, erregaia, elikagaiak, sendagaiak eta bizitzarako funtsezkoa den guztia eskuratzeko aukera leheneratuz.
- Salatzen du Gazako biztanleei ezartzen ari zaien zigor kolektiboa; izan ere, Gatazka Armatuen Legearen arabera (besteak beste, Genevako Konbentzioak eta Hayako Konbentzioa barne hartzen dituena), zigor kolektiboa ez da gerra-krimena bakarrik, Gizateriaren Aurkako Krimena ere bada. Ezein erasok ez du justifikatzen Israel herri palestinarrari ezartzen ari zaion zigor kolektiboa.
- Kezka agertzen du Zisjordanian gero eta indarkeria handiagoa dagoelako, non dagoeneko palestinarren 220 hilketa zenbatu diren, eta gatazka Nazioarteko Komunitateak eta Ekialde Ertaineko herrialde guztiek ekidin behar duten eskualdera hedatzeko arriskua dagoelako.
- Ongietorria egin nahi die euskal lurraldera iritsi diren Gazako herritar hispaniar palestinarrei, eta euskal erakundeei eskatzen die jarrai dezatela horiek babesten eta beren esku jartzen zaintza- eta erreparazio-mekanismoak eta beren eskubide guztien bermea.
- Eskatzen dio Nazioarteko Erkidegoari, Nazio Batuei, eskualdeko eragile garrantzitsuen partaidetzarekin, NBEren Israel eta Palestinarako ebazpenen esparruan Nazioarteko Konferentzia bat dei dezan gatazka amaitzeko konponbideak ezartzeko, bi estatu bideragarri eta segururen eraketan oinarrituta.
- Herri Palestinarrari eta Ekialde Hurbilari Laguntzeko Taldeartean elkarlanaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Talde hori Palestinak estatu bideragarri eta seguru baterako duen defentsaren eta eskubidearen uste sendoarekin sortu zen, eta Zisjordania, Gaza eta Jerusalem ekialdea barne hartzen ditu, Nazio Batuen ebazpenekin bat etorriz, estatu hori Israelgo Estatuarekin batera egotea, eta 75 urtetik hona jasaten ari diren giza eskubideen urraketa salatzen jarraitzen du. Aldi berean, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsona eta erakundeekin, hala nola UNRWArekin eta Palestinara joan zen Euskadiko GGKEekin, partekatutako lanaren aldeko apustua egiten jarraitzen du.”