103 Aldiz ikusita, 3 gaur
Ikastetxeetarako joan-etorrietan mugikortasun aktiboa, iraunkorra eta segurua sustatzea, eta, horrez gain, talde-lana, parte-hartzea, hausnarketa eta eraldaketa-prozesua sustatzea. Helburu hori du “Sopela Bideak” proiektuak, Sopelako Udalak Sopelako Zipiriñe eta Ander Deuna ikastetxeekin elkarlanean sustatutako ekimen berritzaileak.
Ander Deuna ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek eta Zipiriñeko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoek parte hartuko dute proiektu honetan. Datorren astean hasiko da eta honako helburu hauek ditu: ingurune lagunkoia eraikitzea, ikasleen autonomia indartzea, guztien osasuna hobetzea eta gure erkidegoan trafikoa murrizten eta ingurumena hobetzen laguntzea. Proiektu hau datozen hilabeteetan zehar luzatuko da.
Proiektuak honako jarduera-egutegi honi jarraituko dio:
- Egoeraren hasierako azterketa gisa, datorren astean, ikasleek beren autonomiari eta mugikortasunari buruzko inkesta bat egingo dute.
- Maiatzean, “Datu-meatzaritza” saioa egingo da inkestetan lortutako emaitzetan sakontzeko.
- Ekainean, mapeoa egingo da ikastetxeetara elkarrekin joateko elkarguneak eta ordutegiak planifikatu eta zehazteko.
- Irailean, informazio-bilera bat egingo da familiekin, proiektuan parte har dezaten.
- Urriaren hasieran, diagnostiko-saioak egingo dira, eta, horietan, kalera aterako dira, aurretik proposatutako ibilbideak aztertzeko.
- Amaitzeko, azken etapa batean, hasierako inkesta berriro administratuko da, proiektuaren eragina ebaluatzeko eta haren eraginkortasuna neurtzeko.
Elkarlana
“Proiektu hau urrats bat da mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta gure eskola-komunitatearentzat ingurune osasungarriagoak eta seguruagoak sortzeko”, nabarmendu du Guruzne Carrasson alkateak.
Proiektuaren helburua ikasleen autonomia sustatzea baino “zerbait gehiago” da; herria irisgarriagoa eta seguruagoa izatea, ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea eta Udalarekiko harremana sendotzea ere bilatzen du. “Tartean dauden hiru erakundeen arteko lankidetza integrala da. Ezinbestekoa da azpimarratzea bi zentroak elkarlanean ari direla ahalegin horretan”, ziurtatu du alkateak.