157 Aldiz ikusita, 1 gaur
Euskararen eguna ospatuko dugu igande honetan, abenduaren 3an
Kulturaldia izeneko ekimena antolatu du Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Uribe Kosta osoan eta Sopelan asteburu osoan egingo dira ekintzak: gaur ostirala bertso saioa Kurtzion 20.00etan eta bihar larunbata Sopelako Frontoian, ordu berean, Xabier Aburruzagak musika ekitaldia egingo du eta bertan parte hartuko dute Meñakoz dantza taldeak eta Sopelako Panderojoleek. Igandean, abenduak 3, Udalak umeentzako antzerkia antolatu du Kurtzion 18.00etan.
Guzti honez gain, Sopelako Kuadrillek herri-argazki bat egitera deitu dute gaur, abenduaren 1ean, 19.00etan Udaletxe plazan: “Euskararen egunaren atarian aproposa ikusten dugu Sopelan euskararen aldeko indar erakustaldi bat egitea” adierazi dute kuadrillek.
Euskararentzat egoera berezian iritsiko da 2023ko Euskararen Nazioarteko Eguna. Urte luzeetan administrazioa euskalduntzen egindako lanak oinarri izan duen egitura juridikoa zalantzan jarri duten hainbat epairen ondotik, inoizko herritarren erantzun handienaren biharamunean baikaude.
Hizkuntza gutxitua da gurea, ordea, eta hizkuntza gutxitu baten biziberritze prozesuan egiten den sustapena eraginkorra izango bada, babesa behar du.
Baina zer egin dezakegu honen aurreran? Zer egin dezake norbanako, elkarte edo eragile batek?
Euskal komunitatea ahalduntzeko, motibatzeko eta aktibatzeko ekimenak eta tresnak garatu eta zabaldu behar ditugu. Euskaltzale mugimendua indartu, alegia. Izan ere, biziberritze prozesu honetan nekez egingo dugu aurrera mugimendurik gabe. Horretarako, euskaltzale aktibo eta ilusioz betetakoak behar ditugu; euskararen aldekotasuna indartu eta euskaraz bizi nahi dutenak. Eta lan horretan udala izango dute bidelagun.
Gure herria aldatu da eta saretzeko moduak ere aldatu dira, eta beraz, egokitzen ikasi behar dugu; saretzeko ditugun aukeretan sakonduz, ekimen parte-hartzaileak sustatuz edota erabilera espazioak sortuz eta hedatuz.
Euskaraz bizi nahi dugunok, euskaraz jakin ez arrean herri euskaldunago bat desio dutenek, elkarte, udal, ikasle, langile… Sopela auzoz auzo eta eremuz eremu biziberritzeko garaia da.