30 Aldiz ikusita, 1 gaur
Europako Mugikortasun Astean murgilduta, Sopelako Udalak hainbat dinamika antolatuko ditu Eskola Bideak aurkezteko. Ander Deuna eta Zipiriñe ikastetxeekin elkarlanean dihardu horretarako Udalak. Ikastetxe biak Lehen Hezkuntzako ikasleekin iaz hasi ziren lantzen proposamen hau, eskolako joan-etorrietan hauen autonomia eta segurtasuna garatzeko. Hala ere, Udalak proposamena harago joatea gura du. Proiektuaren helburu nagusiak dira: ingurune lagunkoiak eratzea, batez ere ikastetxeetako inguruetan; umeen autonomia sustatzea; sopeloztarren osasuna hobetzea; eta trafikoa gutxitzea eta ingurumena hobetzea.
Asteon hainbat ekintza antolatu ditu Udalak. Nagusienetariko bat, ostiral honetakoa. Goiz osoko ekitaldia izango da irailaren 20koa, Udaletxeko plazan. Goizeko 9:30ean hasiko da jardunaldia, Zipiriñeko eta Ander Deunako ikasle eta umeak kalejiran etorriko baitira Akilino Arriolan barrena. 10:00etan hasiko da ekitaldia karpan, non Guruzne Carrasson alkateak hitzartze bat egingo duen, eta ondoren ikasleek Eskola Bideak proiektuaren emaitza argitaratuko duten. Goiza borobiltzeko, jolas batzuk egongo dira Akilino Arriolako oinezkoentzako gunean. Guixot taldea, bizikletak birziklatzen trebetasunezko jolasak sortzen dituen taldea, Sopelara gonbidatu du Udalak.
Mapa horiek familiei ere erakutsiko zaizkie, Zipiriñen eta Ander Deunan egingo diren bileretan. Bileretako bat etzi, osteguna 19, izango da, Zipiriñen. Bigarrena, berriz, hilaren 24an Ander Deunan. Gainera, urrian zehar diagnostiko saioak egingo ditu Udalak, zeintzuetan kalera aterako den mapatze saioetan planteatutako bideak aztertzeko. Amaitzeko, proiektuaren inpaktua ebaluatzeko asmoarekin, hasierako inkesta berriro burutuko da. Edozein zalantza edo proposamen izatekotan, hurrengo korreo elektronikora idatzi ahalko da: alkatea@sopela.eus
Ostiralean, bidea moztuta
Ostiraleko ekitaldia dela-eta, Akilino Arriola kalean oinezkoek lehentasuna duten aldea moztuta egongo da 9:30etik 13:30era. Izan ere, ehunka pertsona izango dira batuko direnak udaletxeko plazan, Europako Mugikortasunaren Astearen baitan, proiektu handi bat dena aurkezteko.