115 Aldiz ikusita, 3 gaur
Guruzne Carrasson Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko lehendakariak eskaera formala egin dio Bizkaiko Foru Aldundiari, eskualdeko adinekoei zein mendekotasun-egoeran daudenei arreta emango dien zerbitzu publiko hau abian jartzeko.
Mankomunitateak lau kokapen ezberdin helarazi dizkio Aldundiari prozesu honetan (tartean, Sopelan), eta azken proposamenaren inguruko azterketa teknikoa zein premiazko lan-bilera eskatu ditu.
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, Sopelako Udalak eta eskualdeko gainerako udalerriek babestuta, eskaera formala bidali dio Bizkaiko Foru Aldundiari lan-batzar bat egiteko eta Uribe Kostan Eguneko Zentro publiko bat planifikatu eta sortzeko bidean aurrera egiteko. Ekimen honen helburu nagusia eskualdeko adineko pertsonei zein mendekotasun-egoeran daudenei kalitatezko gizarte-arreta bermatzea da.
Eskaera hau Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuak ezarritako arau-esparruan oinarritzen da; izan ere, autonomia-mailako araudi horrek foru-administrazioari esleitzen dio zerbitzu publiko hau hornitzeko erantzukizuna.
Lau kokapen aukera aztergai
Eskualdeko gizarte-beharrei erantzuteko asmoz, Mankomunitateak lau kokapen posible aurkeztu dizkio Aldundiari 2024ko urriaz geroztik:
- Sopela: Hasieran Sopelako Udalak lokal bat eskaini zuen, baina foru-balorazioaren ondoren, ez zituen betetzen Aldundiak bere zerbitzu-eredurako ezartzen dituen ezaugarriak.
- Berango eta Gorliz: Ondoren, beste aukera batzuk agertu ziren bi udalerri hauetan. Horien artean, Berangoko Udalak egindako proposamenak jaso zuen Aldundiaren baloraziorik onena.
- Gorlizko Ospitaleko eremua: Azkenik, joan den maiatzean, Mankomunitateak proposamen berri bat bidali zuen: Gorlizko Ospitaleko esparruan dagoen eraikin zahar bat.
Azken higiezin hau Bizkaiko Foru Aldundiaren ondarearen parte da —nahiz eta gaur egun Osakidetzari lagata egon eta erabilgarri ez egon—, eta Mankomunitateak azpimarratu du lurzati honek hirigintza-kalifikazio egokia duela Ekipamenduen Sistema Orokorraren barruan.
Premiazko lan-bilera eta azterketa teknikoa
Prozesuari ofizialtasuna zein lehentasuna emateko, Guruzne Carrasson Torrontegik, Mankomunitateko lehendakari den aldetik, komunikazio bat bidali dio Jose Antonio Barañano Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusiari.
Gutun horren bidez, foru-erakundeari eskatu zaio Gorlizko eraikina berritzearen bideragarritasunari buruzko azterketa teknikoa, hirigintzakoa eta ondarezkoa egin dezala. Era berean, bi aldeen arteko lan-bilera bat berehala finkatzea eskatu du, espedientearen xehetasunei heltzeko eta Uribe Kostako pentsiodunen kolektiboek nahiz gizarte-eragileek egindako bidezko aldarrikapenei erantzun zehatza emateko.
