388 Aldiz ikusita, 2 gaur
Joan den maiatzaren 28an sinatu zen ofizialki Sopelako Udalaren eta Udalerriko Merkatarien Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen hau 15.000 eurokoa da eta Mireia Cabañes merkatarien elkarteko presidenteak, Guruzne Carrasson Sopelako alkateak eta Eder García Toki Garapeneko zinegotziak sinatu zuten.
Elkartekide batzuen adierazpenen arabera, akordio horrek “ikusgarritasun handiagoa emango dio Elkarteari Udala edo Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde ofizialen aurrean”. Era berean, “merkataritza dinamizatzeko jarduera gehiago egiteko” asmoa agertu dute eta saltoki gehiago atxikitzeak funtsezko lanak egiteko beharrezko laguntza indartuko duela azpimarratu dute, “hala nola Eusko Jaurlaritzaren HIRIGUNE dirulaguntzarekin lotutako kudeaketak”.
Gainera, pertsona gehiago daudenez, ideia berri gehiago sortzea eta haien beharrak hobeto defendatzea ahalbidetzen du. “Saltokien elkarteak erraztu egiten du erakunde bat interes komunen alde borrokatzea, interes horiek banaka lortzea zaila izango bailitzateke”.
Elkartea 30 saltokik osatzen dute gaur egun, eta honela definitzen da: “prestakuntza, zerbitzuak eta aholkularitza bezalako arloetan sektorea hobetzen duen kolektiboa”. Helburua Sopelako herritarrek “bertako saltokietan erosterakoan abantailez gozatzea da”. Ildo horretan, positibotzat jo dute Udalarekin hitzarmena sinatu izana, “batasuna sustatzeko eta guztiontzako herri bat sortzeko”.
Sopelako Udalak Merkatarien Elkartearen sustapenarekin eta bultzadarekin duen konpromexua berresten du 15000 euroko hitzarmen hau sinatuz, bere eguneroko kudeaketa erraztuz eta bere gaitasun operatiboa indartuz.
