854 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak hausnarketa eta kontsulta prozesu bati ekin dio, 2024-2027 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa idazteko helburuarekin. Parte hartzeko prozesu honetan, inkesta bat planteiatzen da, tokiko biztanleen kirol-ohiturak ezagutzeko eta udalaren kirol-instalazioen erabilerari eta egoerari buruzko iritziak jasotzeko.
Zeintzuk dira sopelatarren kirol ohiturak?
Galdera hori abiapuntutzat hartuta, Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu hiru minutu inguruko iraupena duen inkesta anonimo batean parte hartzera. Bildutako informazioari esker, Udalak egoiliarren kirol-beharrak eta -lehentasunak identifikatu nahi ditu, ahaleginak Sopelako kirol-zerbitzuak etengabe hobetzera bideratuz.
Inkestarako sarbidea
Inkesta 2024ko ekainaren 18tik uztailaren 15era egongo da eskuragarri eta esteka honen bidez eskura daiteke: INKESTA
Kirolaren Plan Estrategikoa 2024-2027
Martxotik, Sopelako Udala plan estrategiko bat garatzen ari da, kirol arloan politika eta estrategia publiko berriak formulatzeko. Plan honek tokiko eragileekin hausnarketa partekatua sustatu nahi du, udalbatzari arazo nagusiak aztertzen eta udalerriko kirol-eskaintza hobetzeko etorkizuneko aukerak identifikatzen lagunduz.
Tokiko kirol-sistemaren diagnostikoa
Udala tokiko kirol sistemaren diagnostiko eguneratu bat egiten ari da, kirol, gizarte eta ekonomiari dagokionez ekintza plan proaktibo, eraginkor eta iraunkor bat zehazteko asmoz. Guruzne Carrasson alkateak nabarmendu duenez, “udaleko kirol-eskaintza, gure kirol-instalazioen eta -espazioen egoera funtzionala, horietan egindako kirol-jarduera eta horien erabilera-maila, zerbitzuak emateko kudeaketa- eta antolaketa-eredua eta abar aztertu nahi ditugu. Azken batean, jakin behar dugu nola gauden nora iritsi nahi dugun erabakitzeko”.
Kirolaren Plan Estrategikoa OTSp aholkularitza-enpresa ari da garatzen, kirolaren kudeaketa publikoa eta aisialdi osasungarria optimizatzen espezializatua.
Sopelatarren parte-hartzea funtsezkoa da plan honek arrakasta izan dezan. Sopelako Udalak aldez aurretik eskertu nahi du guztion laguntza kontsulta-prozesu garrantzitsu honetan. Emandako informazioa funtsezkoa izango da gure udalerrian kirol-zerbitzua hobetzen jarraitzeko estrategiak definitzeko.
