271 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udala etorkizuneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) oinarriak finkatzeko partaidetza-prozesuan murgilduta dago. Ekainaren 4ko aurkezpen publikoaren eta ekainaren 10eko eta 12ko Sopela eta Larrabasterrako tailerren ondoren, Sopelako herritarrek HAPOren lehen zirriborroari ekarpenak egiteko aukera izango dute irailaren 30era arte.
Bestalde, ekainaren 28tik aurrera plana idatzi dutenekin hitzordu pertsonalizatuak hitzartzeko aukera zabaldu du Udalak, ostiralero. Gainera, beste aurkezpen publiko bat egingo da Kurtzion uztailaren 10ean arratsaldeko 18.00etan eta irailean tailer parte-hartzaileak egingo dira.
Jendaurrean jartzeko epea irailaren 30era arte
Aurrerapen-dokumentuari (HAPOren zirriborro-proposamena) iradokizunak egiteko epea irailaren 30era arte luzatuko da. Iradokizunak, ahal dela, udaleko erregistro ofizialaren bidez egin behar dira: elektronikoa edo presentziala. https://sopelaplanorokorra.eus/ webguneko informazio-postontziaren bidez ere aurkez daitezke iradokizunak.
Orain ez da alegazioak egiteko unea, hurrengo faseetan egingo dira. Orain proposamenak egiteko unea da.
Ostiraletan hitzordu pertsonalizatuak
Aurrerapenaren proposamenari buruzko edozein zalantza edo argibidetarako, erredakzio-taldeak aurrez aurre hartuko ditu herritarrak, ordu erdiko saioetan, ostiralero, 9.00etatik 14.00ak arte ekainean, uztailean eta irailean, planari dagozkion iradokizunak egiten lagundu ahal izateko.
Hitzordu horiek udaletxean egin beharko dira, betiere bileran aztertu nahi den gaia aldez aurretik emanez. Hitzorduak honako esteka honen bidez hitzartu ahal izango dira: https://sopela.egoitzaelektronikoa.eus/citaprevia.0. Bertan, “hiri antolamenduko plan orokorra” aukera aukeratu beharko da.
HAPOren aurrerapenaren aurkezpen berria
Uztailaren 10ean, asteazkena, 18:00etan Kurtzion, HAPOren aurrerapenaren aurkezpen berri bat egingo du erredakzio-taldeak.
Azkenik, ekainean egindako bi tailerren ondoren, irailean gaikako beste bi tailer deituko dira parte hartu ahal izateko. Irailaren 17an eta 24an izango dira, asteartean, 18:00etan, Zipiriñeko gimnasioan.
Hausnarketa kolektiboa, ikuspegi konstruktibo batetik
Guruzne Carrasson alkatearen arabera, etorkizunean Sopelako HAPOn gauzatuko diren jarduerek “oreka gorde behar dute etxebizitzaren, mugikortasunaren eta ingurumenaren erronken artean. Udalerri jasangarriagoa, irisgarriagoa, lagunkoiagoa eta kohesionatuagoa nahi dugu. Baina eredu hori behin betiko finkatu aurretik, hausnarketa kolektibo sakona egin behar da, lasaitasunez, ikuspegi eraikitzaile eta proaktibo batetik”.