194 Aldiz ikusita, 1 gaur
Bultzibide eta Lizarre kaleak lotzen dituen egurrezko pasabidearen kontserbazio-egoera eskasa ikusita, Udalak Tecnalia enpresa espezializatuari eskatu zion pasabidearen egitura ikuskatzeko eta konponketa-lanen irismena ezagutzeko. Prebentzio neurri gisa, Udalak pasabide horretatik igarotzea debekatu du, istripuak saihesteko.
“In situ” egindako ikuskapen-lanak elementu hauen eragin-maila aztertu du: habe nagusiak, langetak, oholtzaren uhalak eta lotura metalikoak. Egurraren osasun-egoeraren balorazioa ere egin da (hezetasuna, onddoak…).
Hala, ikusi da habe nagusiek usteldura oso handiak dituztela hainbat tokitan. Uhal asko usteltzen dira langeten gainean, eta horrek egonkortasuna galtzeko arriskua dakar.
Egindako azterlanean oinarrituta, txostenak ondorio hauek ateratzen ditu:
- Egituraren egungo kontserbazio-egoera dela eta, pasabidea ez da erabilerarako segurutzat jotzen.
- Habe nagusiei eragiten dieten ustelduren hedadura dela eta, egituraren konponketa ez da bideragarria eraikuntzaren eta ekonomiaren ikuspegitik.
- Era berean, ez da bideragarritzat edo segurutzat jotzen pasabidea aldi baterako erabiltzen uzteko jarduketa bat egitea, kendu edo beste bat jarri arte.
Hainbat urtez mantenu gabe egondako pasabide horren egoera kontutan izanda eta pasabide horrek inguruko eremuetako pertsona guztiei ematen dien erabilera eta erabilgarritasuna baloratuz, beharrezko neurriak hartuko dira udalerriko bi eremuren arteko lotura hori berme eta segurtasun osoz berrezarri ahal izateko.
Gobernu-taldearen asmoa da pasabidea behin betiko birjartzeko administrazio-epeak ahalik eta gehien murriztea. Alkatearen dekretu bidez, aurrekontua aldatuko da pasabide berriaren proiektua lizitatu eta esleitzeko. Ondoren, beste lizitazio bat egin beharko da obrak esleitzeko, eta, azkenik, obraren egikaritze-aldia faltako da. Kontuan izan behar da pasabidearen kokapenak (metroaren katenaria), lanen ordutegia baldintzatuko dituela.
Exekuzio-proiektua 2025eko urtarrilean onartu ondoren, 6 hilabete beharko dira obra bukatzeko gutxi gorabehera, hau da, pasabide berriaren obrak 2025eko bigarren seihilekoan amaituta egongo lirateke, 650.000€ inguruko kostuarekin.